Kurdistan: estaturik gabeko munduko nazio handiena, ukatua

Anboto 2014ko ots. 28a, 11:11

Newroz Euskal Kurdu Elkarteak zineforuma eta solasaldia antolatu ditu gaurko, Pinondon

 

Herri kurdua erresistentzian bizi izan da mendetan. Antzinako inperioen mende lehenik, lau estatutan banatuta, Turkia, Siria, Iran eta Irak, eta errepresio gogorra pairatuta gaur egun. Munduan, estaturik gabeko nazio handiena da, 40 milioi pertsonagaz. Haien borroka zabaltzeko beharrean dabiltza Newroz Euskal Kurdu Elkartekoak. Gaur zineforuma eta solasaldia antolatu dituzte Durangoko Pinondo Etxean, 18:30ean. 

Solidarioez gainera, kurduak ere badaude elkartean. Gutxi bizi dira hemen; Bizkaian zortzi bat bakarrik, eta horietako bat Durangon. Bera, beste kurdu bi eta elkarteko kide bilbotar bat agertu dira elkarrizketara. Ez dute izenik eman gura izan; bilbotarrak ere errepresioa jasan izan du Turkiaren partetik.

Durangon bizi dena Turkiatik dator. Hango kurduek bizi dute egoera gaitzena. Azaldu du Estatuak erabateko ukazioa ezartzen duela kurduekiko, eta euren hizkuntzarekiko. 10.000 preso politiko dauzka Turkiak. Ezin ikusi hori Sirian ere pairatu zuten: “Urte askoan ez zuten izan nortasun agiria edukitzeko eskubiderik”. Iraken, Sadam Husseinek 200.000 kurdu baino gehiago akabatu zituen. Baina, gaur egun, eremu independentea da praktikan, ofizialki izan ez arren. Iranen, ostera, Kurdistan deitzen den probintzia dago. Egoera zatikatu horrek hizkuntzan ere eragin du, eta lekuaren arabera ez dute elkar ulertzen.

Bilbotarrak zail ikusten du independentzia: “Biren artean nahiko gaitza bada, eta horretaz hemen badakigu zer edo zer, lauren artean imajinatu ezazu”. Estatu horien maila demokratikoak egoera asko zailtzen duela dio. Frantzia eta Erresuma Batua jo ditu egoeraren erantzule: “Nork marraztu zituen mugak? Kolonialismo europarrak”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!