Kirol jardueran euskararen erabilera indartzeko kanpaina abiatu du amankomunazgoak

Anboto 2014ko otsailaren 24a

'Euskara eta kirola sasoian' kanpaina abiatu du Durangaldeko Amankomunazgoak. Eskualdeko kirol jardueran euskararen egoera zein den ezagutzea eta erabilera indartzeko bideak topatzea da kanpainaren helburua, azaldu dutenez. Horretarako, kirol taldeei dinamizazio saoiak eskaintzea da lehenengo pausoa.

 

Saio partehartzaileak izatea da helburua, Durangaldeko Amankomunazgoko ordezkariek azaldu dutenez.  "Horrela, talde bakoitzaren egoera, premiak eta iritziak ezagutzeko aukera izango dugu. Gainera, kirol arloan euskaraz dauden baliabideen eta materialen berri emango zaie". Hiru kirolari eta entrenatzailek gidatuko dituzte saioak: Belit Solar, Iraia Garcia eta David Garciak.

 

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak gizarte hainbat arlotan euskara sustatu eta normalizatzeko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onartu zuen 2012an. Plan horretan batutako ildo estrategikoetariko bat da kirola, eta horren haritik ipini dute martxan Euskara eta kirola sasoian programa.

 

Dinamizazio saioak amankomunazgoko herri guztietan eskainiko dituzte, eta bakoitzean sortutako beharrizanen arabera emango dira Euskara eta kirola sasoian kanpainaren hurrengo pausoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!