Sahararrei laguntzeko 6.800 kilo jaki eman dituzte herritarrek

Anboto 2014ko otsailaren 21a

Iazko karabana solidarioaren irudi bat.
Sahararrei jakiak eroateko kamioia Durangaldeko udalen laguntzagaz erosi dute

 

Sahararrekiko karabana solidarioa martxan dago. Urtero legez, jakiz betetako hainbat kamioik Euskal Herritik Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekura (Aljeria) bidea egingo dute, eta Durangaldeak ere egin du bere ekarpena. Herria auzo elkarteak koordinatu du aurten ere dinamika solidarioa, eta bertako kideek esan dute eskualdeko herritarrek 6.800 kilo jaki eman dituztela dohaintzan. Gainera, udalen diru-laguntzekin –33.000 euro– beste 17.000 kilo produktu erosi dituzte. Jaki guztiak eroateko kamioia udalen laguntzagaz erosi dute. Ekarpen horien artean Durangoko Udalarena nabarmendu dute Herriakoek; beste 6.000 euro eskaini dituzte, eta botikak eta atun latak erosi dituzte horregaz. 

Abadiño, Berriz, Durango, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Garai eta Zaldibarreko udalek babestu dute ekimena, baita Amankomunazgoak ere. Elorrion Lajwad elkarteak dinamizatu du proiektua. Bestalde, hainbat herritarrek, JAED elkarteak eta Eroskik dohaintzan emanda, konpresak, arropa eta jostailuak ere bidaliko dituzte elkartasun kamioian.

Bihar irtengo da karabana solidarioa Euskal Herritik, eta tartean egongo da Durangaldean jakiz eta laguntzaz betetako kamioia. Aurreko edizioen antzera, Angel Alejok gidatuko du kamioia Oraneko (Aljeria) portura arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!