"Ez dakit noren golari buruz berba gehiago egiten da 800 milioi pertsonen goseaz baino"

Anboto 2014ko ots. 14a, 09:01

Martitzen honetan Durangora etorri da Jon Sobrino. San Jose Jesuitak ikastetxean berbaldia eman du, ‘Errealitate gordinaren aurrean, zintzotasuna eta itxaropena’ izenburupean. Bere mundu ikuskeraz berba egiteko tarte bat hartu du hitzaldiaren aurretik.

 

Hiztegia zaintzea gustatzen zaio Jon Sobrino jesuita eta teologoari. Argi du El Salvadorren ezagutu dituen pertsonak pobreak barik zapalduak direla. Hildakoak berba erabili beharrean homizidioak erabiltzea egokiagoa da bere ustez. Batez ere, gizatasunari buruz egin du berba elkarrizketan.  

 

Munduari buruzko zure ikuspegiaz jardun duzu Durangon.  

Durangoko jesuitek hori eskatu didate. Nik, nire ikuspegitik eta El Salvadorretik, planetako errealitatea gordin ikusten dut. Europan dagoen krisiaz eta gordintasunaz gainera, munduan 800 milioi pertsona gosez bizi dira. Horretaz ez da berba egiten ez behar bezala, ez behar beste. Ez dakit noren gol bati buruz berba gehiago egiten da, 800 milioi pertsonen goseaz baino. Errealitate hori hor dago, eta horri begiratu behar genioke norbere baitatik irtenda, zintzotasunez eta itxaropenez. Itxaropena duen jende asko ezagutu dut nik. Azken batean kontua da sinestea ongiak gaizkiak baino indar handiagoa duela. Eta maitatzeak planeta hau humanizatzen duela. Maitasunarekin ez da sekula galtzen. Jendea hil dute hori pentsatzeagatik, baina hori horrela izanda ere, pertsona horiek ez dute galdu.

 

Behin baino gehiagotan, zure lanek eta iritziek zentsura jaso izan dute Vatikanotik. Zelan bizi izan duzu hori?

Vatikanotik lehenengo gutuna 1976an jaso nuen, eta ordutik hona hainbat jaso ditut, gauza arriskutsuak edo ezegokiak idazten nituela, eta aldatu nitzala eskatzeko. Azkena, 2007an jaso nuen, eta ordutik hona ez dut presiorik igarri. Egia esan, ni horrek sekula ez nau asko ukitu. Erratu banaiz, erratu naiz, baina ez nuen ikusten errakuntza handirik zegoenik. Dena dela, ni gehiago arduratzen nau El Salvadorreko jendearen iritziak Vatikanoak eta aita santuek esaten dutenak baino. Asko sufritzen duen jendeak nigan konfiantza galtzeak arduratzen nau, "hortik ez zoaz ondo, zu inondik inora ez zara gutarra" pentsatzeak. Horrela bada, orduan porrot egin dugu. 

Urte asko dira El Salvadorrera heldu zinenetik. 

1957an heldu nintzen lehenengo aldiz, jesuita formaziorako. Kuban izan nintzen gero, AEBetan eta Alemanian ere izan nintzen ikasten, eta 1974tik El Salvadorren nago lanean. 1974an ikusten hasi nintzen hangoek niri zer edo zer zeukatela esateko, Deustuko Unibertsitateak eta Indautxuko ikastetxeak eman ez zidaten zerbait. Horrek nire ikuspegia aldatu zuen. Orduan hasi nintzen ulertzen joan nintzen lehenengo aldian txirotzat nituen horiek zapalduak zirela. Zeinek zapalduak? Dirua zuen jendeak, bertako herrikoek, inguruko herrietakoek eta egiturazkoagoa zen AEBtako botere iturriek. 1970eko hamarkadan, zapalkuntza horretatik burua altxatzen hasi zirenean, errepresioarekin erantzun zieten.

 

Hamabi urte iraun zuen gerra etorri zen geroago, eta aurten 25 urte beteko dira Ignacio Ellakuria eta zazpi kide hil zituztela. Asko aldatu dira gauzak harrezkero? 

1992an bake akordioak sinatu zirenetik, hildakoen kopurua ez da aldatu. Ez zait gustatzen hildakoak hitza erabiltzea, dagoeneko hitz horrek ez duelako ezer balio; homizidioak dira, homizidioz hildako pertsonak. Mara eta gaizkile-taldeen arteko borrokak daude, narkotrafikoak eragindakoak. El Salvador, Honduras, Guatemala eta Mexiko bidea dira, azken batean, AEB-etara heltzeko. Urtean 2.000-3.000 homizidio izaten dira. Pobrezia maila ere ez da aldatu. Herria abandonatzen duten salvadortarren kopurua igo da; AEB-etan ia 3 milioi daude. Eliza katolikoaren bizitza ere aldatu da, erlijio arloa oso light dago orain. Badaude ordea hazi moduan lan egiten duten pertsonak eta komunitateak, eta horiek itxaropena ematen dute. Zeren itxaropena? Nire alderdiak irabaziko duelako ustea? Zerura joango garelako ustea? Ez, bizitzak zentzua daukalako itxaropena. 

 

Askatasunaren teologia ardatz hartuta, komunitate eta hazi horiek indartzea izan da zuen lana? 

Nik gutxitan hitz egiten dut askatasunaren teologiari buruz. Gure papera ez zen izan inor salbatzera joatea, babestera baizik, eta hori horrela egin izanagatik zazpi jesuita hildako edukitzea ez da txorakeria. Laguntzera joan ginen, eta kontua da lagunduak sentitu garela. Bizitzaren xumetasun horrekin lagunduak. Jainkoa egongo den ala ez, hori bakoitzaren sinesmenen araberakoa da. Baina egonez gero, pobreekin dago; hori da ebanjelioaren oinarrizko intuizioa. Nazareteko Jesusen moduko pertsonetan dago. Nik, nire adinetik atzera begiratuta, pentsatzen dut ondo bizi izan naizela. Ondo pasatu dut? Hori beste gauza bat da. Ondo bizi izan naiz. Gizatasuna presente egon da, eta ez hori lortzeko borrokatu naizelako; horrela jaso dut. Eta orain nora goazen? Ez dakit. Baina badakit horrela jarraitzeak planeta humanizatuko duela. Beste modu batera esanda, horrek ez badu planeta humanizatzen, ez dago konponbiderik. Ibiliko dira zeinek Txapeldunen Liga irabazi, zeinek Munduko Txapelketa...

 

Zelan sumatzen duzu Frantzisko aita santua?

Gauzak mugitzea eragin du, eta hori nobedade garrantzitsua da. Gauza zikin asko daude elizan, eta hori garbitzeko ahaleginean dabil. Hainbat keinu egin ditu, eliza erreformatzea gaitzagoa izango den arren. Aukera berri bat da. Gero, arriskua dago ikusle soil moduan geratzeko. Gauza bat gustatzen zaigunean ikusi behar dugu guk zelan bultzatu dezakegun hori. Bere esanak aipatuta edo ez. Lampedusako gertakariaren harira, birritan joan da bertara, eta argi egin du berba aita santuak. Bada, barkuren bat hondoratzen denean, goazen parlamentura "hau horrela ezin da izan" esatera. Ekintzarako jarrera behar da. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!