Durangaldeko odol-emaileak Bizkaiko erreferentzia dira

Anboto 2014ko ots. 7a, 09:02

Zazpi odol-emaile elkarte daude Durangaldean; erreferentzia dira Bizkaian, baina kezkatuta daude nagusiak erretiratu ahala gazteek ez dutelako erreleboa hartzen

 

Arratsaldeko 16:30 dira Durangoko anbulatorio zaharrean. Ostegunero bezala, Mugarra odol-emaile elkarteak dena prest dauka donazioei ekiteko. Odol-emaileak badatoz apurka-apurka. Jose Martín Santibañezek eta Gabriel Minguezek osteko mokadutxoa prest dute donazioaren ondoren indarrak berritzeko. 1969an sortu zuten elkartea, eta gogotsu jarraitzen dute ahal duten guztian laguntzen. Gaur egun, 800 emaile inguru daude jardunean Durangon. “Horren guztiaren oinarrian elkartasuna dago, ekintza altruista da”, dio Santibañezek. Odola ematera doazenak "animatzeko" daudela han gaineratu du Minguezek:"Etortzean formularioa bete eta odola eman osterako jan-edana prestatzen dugu". 

Durangalde osoko odol-emaile taldeen eta elkarteen ibilbidea Durangoko Alpinoren tabernarekin dago lotuta. Bertan ekin zioten eskualde osoko donazioak jasotzeari 70eko hamarkadaren hasieran. Denboragaz, herri batzuetako boluntarioek euren gain hartu zuten ardura, hainbat elkarte berri sortuta. 

Iurretaren kasuan, Durangorekin desanexionatu zenean, Alpinora odola ematera joaten ziren iurretar talde batek Emoixu odol-emaile elkartea sortu zuen. Autobusa Maspe kalera etortzen zen lehen, baina, orain, anbulatorioan egiten dituzte donazioak, eta Txonpolon pintxoak jateko aukera eskaintzen dute. Iñaki Etxebarriaren ustez, "odola ematea bizitza ematea da. Ez dakizu norentzat den, unibertsala da".  

odola emoten

Atxondon, aldiz, Atxodel izena jarri zioten duela 38 urte herriko odol-emaile elkarteari. Jose Mari Mardarasek odol-emateetan boluntario jarraitzen du. "Goibegi sozietatean mokaduak jateko txokoa atontzen dugu". Horra ere autobusa joaten da urtean lau bider. 

Berrizen, ostera, Modesto Sanchezek dihardu. Gaur egun, Fonda aurrean jartzen dute autobusa. "Ekimena martxan jarri genuenean atariz atari joaten ginen informazioa zabaltzeko. Orain jaitsi egin den arren, Bizkaian gehien donatzen genuenak izatera iritsi ginen". Matienako odol-emaileak hileko bigarren eguenetan elkartzen dira. Sendotza egin zuen gazte talde batek ekimenen bat martxan jartzeko gogoa zuen. Manuel Fonseca zen talde horretako kideetako bat. Hiru hamarkada eta gero, bere emazteagaz batera odol-emateetan laguntzen dihardu. 

26 urte dira, berriz, Begoña Gallastegi Zaldibarko odol-emaile taldean dagoenetik. Osteko afari-
merienda prestatzeko goizeko seietan jaikitzen zen. “Giro ederra sortzen zen janariaren bueltan odol-emaileak batzerakoan. Orain 73 urte ditut, eta batzarretara joaten naiz, baina janaria prestatzeari utzi diot”. 

Eguaztenean bisitatu du autobusak Elorrio. Jaime Bolinagak, Victor Agirrek eta Roman Uriartek, orain 48 urte kristautasun ikastaroak amaitu zituztenean, herriaren alde ekimenen bat martxan jartzea erabaki zuten. Eta, ordutik gaur arte, odol-emaile elkarteak 48 urte daramatza Elorrion. Carmelo Soriak laguntzen du orain donazioekin. 

3.065 donazio

Tranfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak odol-emate guztiak Galdakaoko ospitaletik koordinatzen ditu. EAEn azken urteetan odol-emate kopurua jaitsi egin den arren, Durangaldeko datuak onak izaten jarraitzen dutela azaldu dute. 2013an, 1.591 odol-emaileren 3.065 donazio jaso zituzten Durangaldean. Horietatik 89k lehenengoz egin zuten donazioa urte horretan. 

Odol-emaile elkarteetako arduradunak kezkatuta daude errelebo faltagaz. Durangaldea arlo honetan erreferente da Bizkaian oraindik ere, baina odol-
emateak beherantz doaz. Nagusiak jubilatu egiten dira (60 urte ingurura arte ematen da odola), eta gazteek "konpromiso gutxiago dute". Gazte batzuek gehiago bidaiatzen dute, seguruak ez diren sexu harremanak dituzte, edo osasuntsuak ez diren ohiturak dauzkate. Jendea 30 urtetik gora egiten da donaziora fidel. 

 

 

Odol emoleak 

Alaitz Bikandi eta Mila Larrinaga

Mila Larrinaga (53 urte|Durango)

18 urte inguru izango dira odola ematen hasi nintzenetik. Nire ahizpa bat odola ematera joaten zen, eta, ondoren, ni ere joaten hasi nintzen. Iurretan hasi nintzen. Esperientzia ona delakoan nago. Falta egiten denez, etorri egiten zara eta listo. Behin bakarrik 
bidali naute atzera, tentsioagatik-edo. Nik uste dut erraza dela odola ematea.

 

Alaitz Bikandi (Durango|25 urte)

Iaz hasi nintzen odola ematen. Ama aspalditik dator, eta ni beti berari laguntzen. Azkenean esan nuen, “nik ere eman behar dut”. Beti entzuten da beharrezkoa dela. Ez naiz askotan etortzen, baina ez da deserosoa. Gaixorik daudenei ondo etortzen bazaie, ondo dago. Niri inoiz zer edo zer gertatzen bazait, gustatuko litzaidake beste pertsona batzuek odola ematea. 

 

 

Jose Miguel Gomez 

Jose Miguel Gómez (43 urte|Durango)

43 dauzkat eta 18 urtetatik nabil. Familian denak ziren emaileak. Gustuko dut beste pertsona batek nire zer edo zer eroatea, beste batzuei laguntzea... Erraza da. Papera bete, orratza sartu, litro erdi odol atera eta kito. Niri ere gustatuko litzaidake odola jasotzea, ebakuntza egingo balidate. Ni emaile orokorra naiz, organo-
emailea ere banaizelako. 

 

 

  

 

Ane Arando

 

Ane Arando (Elorrio|24 urte)

Orain dela hiru-lau urte hasi nintzen odola ematen. Gure etxean beti eman izan dute odola, eta hortik animatu ginen ahizpa eta biok. Beti ikusi izan dut, eta normala da niretzat. Batzuek esaten dute orratzek beldurra ematen dietela eta horrelakoak, baina momentuan ez duzu ezer igartzen; beste alde batera begiratu, eta kito.  

 

 

 

 

 

 

2013ko datuak eta odola emateko datak

 

Abadiño

  • 81 donazio / 63 odol-emaile.
  • Hileko bigarren eguenetan. Anbulatorioaren atzeko aldean.

Atxondo

  • 161 donazio / 79 odol-emaile. 
  • Urtean lau bider.
  • Hurrengo hitzordua: martxoaren 27an. Autobusa Goibegoi sozietatearen aurrean.

Berriz

  • 239 donazio / 129 odol-emaile. 
  • Hilean egun bi. Egun bat aste bitartean, eta bestea zapatu batean. Fonda aurrean.

Durango

  • 1.428 donazio / 712 odol-emaile. 
  • Eguenetan, Durangoko anbulatorio zaharrean. 

Elorrio

  • 469 donazio / 241 odol-emaile. 
  • Hileko lehen eguaztenetan,  autobusa Buzkantz sozietatearen aurrean egoten da, eta hiru hilerik behin, zapatu goizetan, plazan. 

Iurreta

  • 194 donazio / 101 odol-emaile. 
  • Urtean zortzi hitzordu. Hilean behin, hile bi jarraian, eta hurrengoa libre. Anbulatorioan.

Zaldibar

  • 245 donazio / 130 odol-emaile.
  • Hurrengo datak: martxoaren 20an eta apirilaren 23an. Autobusa anbulatorioaren ondoan.

 

 

 

 

 

 
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!