Eider Badiola (Iurreta, 26 urte) orain dela urte eta erditik Ingalaterran dago. Une honetan York hirian badago ere, denbora honetan lan eta herri ugari ezagutu ditu. Ostalaritzan jardun du denbora gehien. Administrazio eta Finantzen Goi Mailako Zikloko praktikak Portsmouth hirian egin zituen, eta horren ostean Britainia Handira itzuli zen. “Ingalaterran lan egoera hobea da. Ostalaritzan badago lana, batez ere hiri turistikoetan. Lan gaitu bat aurkitzea, berriz, zailagoa da”.
Urte eta erdi curriculumak bildatzen ibili eta gero, David Minguezek (Durango, 31 urte) ez zuen birritan pentsatu maletak egin eta Kopenhagera joateko aukera sortu zitzaionean. Lan kontuengatik une honetan Nigerian dagoen arren, bere enpresa daniarra da. Danimarkan negua oso gogorra egiten zaiola aitortu badu ere, bizimodu lasaia duela dio. “Esperientzia pertsonal interesgarria da, mundu osoko jendea ezagutzeko aukera duzulako”. Gaineratu duenez, “lan aldetik gustuko dudan lana egiten dut eta baldintzak ezin hobeak dira”. Hala ere, argi dauka Euskal Herrira itzuli gura duela: “Espero dut urte batzuk barru esperientzia honek Euskal Herrian lana topatzen laguntzea, egunen batean etxera bueltatzea baita nire helburua”.
Gazte ugari, Euskal Herriko enpresentzako lan egin arren, atzerrian dituzten lantokietara bidaltzen dituzte formakuntza osatzera. Gorka Olasoren (Durango, 24 urte) kasua da hori. Abadiñoko enpresa batek kontratatuta Alemaniako Haynrode herrian dago joan zen urteko otsailaren 4tik. Hurrengo hilabetean Galesera lekualdatuko dute. Hizkuntza menperatu gabe joan zen Alemaniara eta komunikazio aldetik hasiera gogorra izan zen: “Traba handiena alemana ez menperatzea izan zen. Online ikastaro batzuetara apuntatu nintzen eta, ahalegin handia eginda, hizkuntza menperatzen hasi nintzen”.
Atzerrira joan zenean, hasierako sasoia gogorra egin zitzaion Olatz Bizkarralegorrari (Durango, 25 urte) ere. Parisko ospitale batean praktikak egin eta gero, bertan geratzea erabaki zuen. Frantzian fisioterapeuten beharra dutela-eta, bertan gelditzea erabaki zuen. Ogibide bereko estatuko hainbat lagunekin “familia antzeko bat” sortu du. “2010ean titulua lortu ondoren, Frantziara etortzeko paperak egiten hasi nintzen; kostata eta esfortzu handiarekin, azkenean aurten lortu dut etortzea”.
Hizkuntza ikastera
Atzerrira lan bila joateko eman beharreko lehenengo pausoa bertako hizkuntza ikastea da. Durangoko Hizkuntza Eskolako arduradunek azaldu dutenez, ingelesa ikasi gura duten ikasleen kopurua gorantz doa eten barik. Aleman eta frantses eskolen eskaera handiagoa da beheko mailetan. Euskarak gorengo mailetan ditu ikasle gehien.
Langabezia
Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia datuen arabera, gazteak dira krisi ekonomikoa gehien nabaritu dutenak. 16-24 urte arteko langabetuen tasa EAEn %41,3koa da, tasa orokorra %16,73 denean.
Durangaldeari dagokionez, 25 urtetik beherako 399 gazte daude Lanbiden izena emanda, 2013ko abenduko datuen arabera (218 gizon eta 181 emakume). Europako beste herrialde batzuetan gazteen langabezia tasaren datuak oso bestelakoa dira. Alemanian da baxuena, %7,8.