Trafikoa da aireko kutsadura iturri nagusia, industriakoa jaitsi ostean

Anboto 2014ko urt. 23a, 12:27

Durangaldean asko dira industria arloko enpresak. Jarduera ekonomiko indartsua ekarri dute, baina alde negatiboari begiratuta, kutsadura handia ere ekarri dute. Ingurumenean eragindako kalteez gainera, gas isuriek kezka sortu izan dute herritarrengan, arnasten dugun airea osasunerako kaltegarri izan daitekeelakoan. 2006an egindako neurketa baten ostean, herritarren artean "alarma piztu" zela aitortu du Ander Areitiourtena Azterlaneko teknikariak.

 

Urteotan egindako ikerketen eta hartutako neurrien ondorioz, industriak sortutako kutsadura maila jaitsi egin dela jakinarazi dute Areitiourtenak eta Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak. Egun, trafikoa ei da airean kutsadura gehien eragiten duen faktorea. 

"Airearen kalitatea ona da". Garbi adierazi du Zarrabeitiak. Bere ustez, lanak hobetu du egoera. Besteak beste, enpresei kutsadura jaisteko neurriak eskatu dizkiete, eta horretarako laguntza eman diete. Legezko indizeen arabera onargarria da hemengo kutsadura maila. 

Trafikoaren azterketa

Areitiourtenak azaldu du Durangoko Udala hasi zela airea aztertzen, baina Durangora inguruko isuriak heltzen zirela ikusita, eskualdeko azterketa egiten hasi ziren 2009an Amankomunazgoaren eskutik. 2013an lanagaz jarraitu, eta ondorioztatu zuten trafikoan zegoela arazoa. Ibilgailuen kopurua handia da, baina abiadura maila ere aztertu zuten, horren arabera gasolina kontsumoa aldatzen
da-eta. Iurretako N-634 errepidean, adibidez, ibilgailuen %82k ez du abiadura muga errespetatzen –50 km/h–. Izurtzan ere, Bi-623 errepidean, muga bera gainditzen du erabiltzaileen %62k. Berrizen, ostera, Areitiourtenak esan du %2ra murriztu dela tasa hori N-634an. Antza denez, biribilgune berriekin lortu da hori, eta horregatik, antzeko ekintzak jasoko dituen mugikortasun plan bat egitea beharrezko ikusten du Durangaldean.   

Herritarrak erantzule

Trafikoaz aparte, egurragaz eta gasolinagaz funtzionatzen duten galdarak dira beste kutsadura iturri garrantzitsu bat. Amankomunazgoak inbentario bat egin zuen egoeraz jabetuta. Azken urteetan, AHT, AP-8 eta Lebarioko obrek ere partikula kutsagarri asko bota dituzte. 

Areitiourtenak nabarmendu du ingurumenaren egoeran herritarrek daukaten ardura: "Orain dela bost urte erraza zen industriari errua botatzea, baina herritarrok gara kutsadura iturri nagusi bien erantzuleak".

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!