“Lana topatzea gaitzagoa izateaz gainera, komunikabideen mezuek apatia sortzen dute”

Anboto 2014ko urt. 9a, 12:00

Naiara Isasi Iurretako Institutuan dabil lanean, eta Marian Berrocal Zornotzako Lanbide Heziketako Institutuan. Ikasketa eta formazioaren inguruko informazioa eta orientazioa ematen dute. Zentroetako ikasleei ez ezik, gazte, heldu eta nagusiei ere laguntzen diete.

"Zer ikasten hasi?": 16-18 urtegaz jende askok zalantza handiak izaten ditu ikasketen gaineko erabakiak hartzerakoan. Ez adin horretan bakarrik. Bizitza osoan ikasten eta hezten jardutea bultzatu gura dute Marian Berrocal eta Naiara Isasi lako langileek. Orientatzaileak dira, eta azarotik hona Iurreta eta Zornotzako institutuetan dabiltza beharrean.  

 

Ikaskuntzarako bitertakariak zarete. Orientatzaileak, azken finean? 

Marian Berrocal: Edozein prestakuntzaren gaineko informazioa eta orientazioa ematen dugu. 16 urtetik jubilatuetara arte. 

Naiara Isasi: Zerbitzua oso zabala da. Asmoa da adin tarte guztietako prestakuntza bultzatzea, pertsonen autonomia, gaitasun kritikoa eta teknologia berrien ezagutzak bultzatzeko. Neu Iurretan nago, eta Durangalde osorako egiten dut beharra, eta Marianek Zornotzatik, Zornotza eta Arratiarako.

 

Hainbat profiletako jendeagaz egiten duzue lan, orduan. 

M.B.: Adibidez, Zornotzan, alargunen kolektiboak elkarte bat dauka, eta sare sozialak erabiltzen ikasi gura dutela esanez etorri dira nigana. Ikastaroak non dauden, diru-laguntzak zelan jaso daitezkeen... Horrelako informazioa ematen dugu. Izan daitezke alargunak, Caritasetik etorritako jendea, oinarrizko hezkuntza amaitzen dabilen ikaslea, ala langabezian dagoen arkitektoa, irakaslea... Denetarik etorri zait niri.

 

Ikastetxeetan zaudete. Ikasleak hurreratzen zaizkizue?

N.I.: Azarotik hona gaude hemen, eta agian goiz da zer edo zer esateko, baina nik kartelak eta diptikoak ipintzen ditut... eta ez pentsatu! Galdetzen diet, eta kartelak ez dituztela ikusi esaten didate. Ez da erraza, antza, gazteak ohartzea hemen gaudela. Gelaz gela joan naiz, DBHko bigarren mailako geletara batez ere, eta hartu ditut izenak eta ipini ditut zitak. Inpresioa dut ez dagoela ohiturarik orientatzaile batengana joateko. 

M.B.: Apurka-apurka hurreratzen dira. Gurean irakasleek nahiko lan ona egin dute, eta ikasleez gainera, ikasle ohiak ere etortzen dira. 

 

Lan munduan egoera txarra izanda, zelan sumatzen duzue formazio bila dabilen jendea?

N.I.: Apatia moduko bat agian badago. Orain dela zortzi urte edo gehiago, langabezia tasa %3 edo %4koa zen, eta beharra topatzeko zailtasunak zeuzkaten pertsonak ziren. Krisia hasita, egoera nahiko aldatu da. Sei hilabete, bi urte... Langabezian bost urte daroan jendea ere topatzen duzu. Lana topatzea gaitzagoa izateaz gainera, komunikabideen bidez jasotzen dugun bonbardaketak ere eragiten du apatian.

M.B.: Interes gehien daukan jendea berrogei urte ingurukoa da. Batez beste adin horretako jendea etorri zait niri galdezka. Apatia badago, baina ikusten dut jendea konturatzen dabilela formazioa edukitzearen garrantziaz. 

 

Zelan gogoratzen duzue zuek zuen ikasketak aukeratzeko momentua?

M.B.: Ni beti ikastaroak egiten egon naiz. Ikastaro askotara ematen nuen izena, eta orain ere jarraitzen dut ikastaroak egiten. Nahiko argi eduki izan dut beti zer ikasi.

N.I.: Neuk ez! 17-18 urtegaz argi neukan unibertsitatera ez nintzela joango. Eta azkenean joan egin nintzen, baina hasieran lanbide heziketa zentroetan galdezka hasi nintzen. Gernikan, ordea, zer egin ez nekiela esan nuenean, gizon batek erantzun zidan ez banekien zer egin, ezin zidala informaziorik eman. Hori bota zidan. Gero pentsatu eta pentsatu egon nintzen, eta azkenean soziologia egin nuen. Baina nik ez nekien zer demontre egin. Hitzaldi batzuetara, behintzat, joan nintzen. Bere garaian ez nuen orientaziorik izan, eta oso ondo etorriko zitzaidan. Hori bai, mota guztietako orientatzaileak daude.

 

Esan ahal duzue, “ni zu izango banintz, hau egingo nuke”?

N.I.: Ez.

M.B.: Bai.

N.I.: Bai? Nik ez.

M.B.: Bideratu zenezake...

N.I.: Beno, daukagun informazioarekin pista batzuk eman ditzakegu, baina bera izan behar da erabakia hartzen duena. 

M.B.: Oso galduta eta nondik hasi ez dakien jendea etorri izan zait, eta horrela datozenei, nik esaten diet nondik hasi daitezkeen, eta zer egingo nukeen nik.

 

Jende asko dago galduta? 

N.I.: Batzuk bai. Nik pentsatzen dut orientatzeko kasurik gaitzenak izaten direla ezer ez daukatenak; etorkinak, prestakuntzarik ez dutenak... Horiek traba gehiago dauzkate.  

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!