Dispertsioaren kontrako “itsasoa” sortzeko deia egin dute

Anboto 2014ko urt. 8a, 17:31

Tantaz Tanta ekimenak euskal presoen dispertsioaren kontrako manifestazioa antolatu du zapaturako, Bilbon. Bertara joateko deia egin dute Durangaldetik ere, eta autobusak ipini dituzte.

Azken asteetan zenbait ekimen egin dituzte mobilizazioa indartzeko asmoz. Esate baterako, Iurretan mosaiko bat egin zuten Gabonetan, tanta baten irudia sortzeko. Iurretako ekimen horrek badauka antzik zapatuan Bilbon 17:30ean egingo denagaz. Izan ere, antolatzaileek iragarri dute ez dela ohiko mobilizazioa izango. 17:30ean bi zutabetan hasiko da manifestazioa Kasillatik eta udaletxetik. 18:30ean, dispertsioaren kontrako “itsasoa” irudikatuko dute mosaiko erraldoi bategaz. Horretarako, partaide bakoitzak kartel bat edukiko du.


Aktibazio soziala lantzen
Tantaz tanta, itsasoa gara lelopean burutuko da mobilizazioa. Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika ez da aldatu, eta preso eta iheslarien egoera “larria” dela ohartarazi dute antolatzaileek. Horren ondorioz, preso eta iheslarien eskubideak betetzeko eta etxeratze prozesua bultzatzeko aktibazio soziala landu gura dute. Beraz, “itsaso” horretako “tanta” izatera dei egin dute: “Tanta moduan batu gara itsaso honetan, egungo egoerak kaltea baizik ez dakarrelako herritar gehienok irrikaz espero ditugun konponbideari eta bakeari begira”.


Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte zenbait herritan. Durangon, 15:30ean irtengo da Madalenatik. Iurretan 16:00etan Maspetik, Zaldibarren 16:15ean autobus geltokitik eta Elorrion 10:30ean zein 15:30ean ipiniko dute autobusa. Apuntatzeko deia egin dute sustataileek, ohiko leku eta tabernetan. Manifestazioaz gainera, egun osoan egongo dira ekintzak Areatza inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!