Euskararen Erabilera Plana onartu dute

Anboto 2014ko urt. 9a, 08:09

Amankomunazgoak onartutako planak administrazio horretako zerbitzuei eragingo die.

Durangaldeko Amankomunazgoak Euskararen Erabilera Plana onartu du, 2017ra arteko balioa izango duena. Eskualdeko administrazioaren zerbitzuei eragingo die plangintza berriak. Hau da, Amankomunazgoko beharginei begira egindakoa da. Hori azaldu du Oskar Zarrabeitia presidenteak: "Orain arte onartu ditugun plangintzak herritarrei zuzenduta zeuden, gehienbat gazteei zuzenduta. Orain, berriz, Amankomunazgoko langileen artean garatuko dugu plangintza berri hau". Euskaragaz lotutako plangintzaren helburua beharginen partetik erabilera bermatuta egotea dela esan du Zarrabeitiak, batez ere herritarrei arreta ematen dietenak kontuan hartuta. Gaur egun, 31 langile daude beharrean Amankomunazgoan. Sektore ugari daudela-eta, "mikroplanak" zehaztu dituzte plangintza orokorrean.

Bestalde, planak bigarren adar bat ere edukiko du: euskararen erabilera indartuko dute gazteak nagusi diren eremuetan, normalizazioan lagunduko duten plan bereziak garatuta.

Plangintzaren berri emateko prentsara bidalitako oharrean, Amankomunazgoak adierazi du erakundeko hiru alderdien babesagaz onartu dela plana, EAJ, Bildu eta PSE-EEren babesagaz.

 

 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!