Errigoraren ekimenez, eta, AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Zazpiak Bat elkarteek babestuta, bukatu berri da \'Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka\' kanpaina. Antolatzaileen esanetan "itzela" izan da: "Egin zitezkeen aurreikuspen onenak gainditu" dituzte.
Urria eta azaroan garatu den kanpaina, "auzolan ariketa ederra" izan da. Eta ez soilik produktu goxoak dastatu ditugulako, elkarlan giro ederrean arituta, emaitza ezin hobeak lortu ditugulako baizik. Herritarren aldetik ere, harrera ezin hobea izan du proiektuak. 8000 otzaratik gora banatu dira Euskal Herriko herrialde guztietan zehar: Nafar hegoaldeko milaka produktu etxeetan dastatzeko eta 112.000 euro nafar hegoaldeko euskalgintzarako.
Kanpaina hasi zenetik, aurreikusi gabe zituzten eskaera puntuak gehitzen joan dira; 500 inguru izan dira azkenean. Zazpi probintzietan izan dute hedapena eta ikastola, eskola eta euskaltegiez gain taberna zein denda, elkarte, enpresa, unibertsitate, udaletxe etabarretean izan dira erakusgai otzarak. Kalean mahai bat jarrita kanpaina egin duenik ere izan da. Gabon saski bihurtu dute lantoki batzuetan eta eskari ederrak osatu. Lekeitioko ikastolan 100etik gora izan dira eskariak, Groseko Aek-n 80 inguru, Dimako eskolan 30, CAF enpresan 100 baino gehiago, Ampo empresan 500, Arabako Campusean 60 inguru, Uztaritzeko euskaltegian 22, Lizarran 60 baino gehiago, Santutxun 200 inguru,Tolosako udalean 50,Santurtziko Mamariga auzoan 80 ...
Orain, lortutako dirua, aurrez zehaztutako hiru proiektuetara; Lodosako ikastola, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimena eta Erriberako Aek- ra bideratzea dagokigu. Hori egin ostean, prest izango dira hurrengo kanpainari ekiteko. Azaldu dutenez xumeagoa izango da ziurrenik, baina "helburu eta ilusio berberekin" landuko dute.
Bertoko produktuak berton kontsumitzeko eman dugun pausuari jarraipena ematea da Errigoraren asmoa. Horregatik, kanpainetatik kanpo ere, Nafar hegoaldean baino ez ditzuten produktuak Euskal Herrian kontsumituak izan daitezen lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.