Zer eragin du teknologia berrien erabilpenak harremanetan? Hori ikertzen hasi dira Amankomunazgoko Droga mendekotasunen Prebentzio Sailean. Teknologiek dakarten arriskua ikusita, horien gaineko prebentzioa egitea beharrezko ikusten dute.
Orain arteko mendekotasunez gainera, mendekotasuna eragin dezaketen beste arlo batzuk landuko ditu, laster, Amankomunazgoko Droga mendekotasunen Prebentzio Sailak: ludopatia, teknologia berrien erabilera okerrak... Datorren urterako prestatu gura dute programa, eta, orain, ikerketa fasean daude.
Teknologia berriak mendekotasun bihurtu daitezke?
Amaia Sarrionandia: Oraindik ez dago argi mendekotasuna den ala, beste barik, komunikatzeko beste modu bat den. Niri beldurra ematen dit mendekotasun hitza erabiltzeak. Hitz oso gogorra da berez. Ikusi beharko da. Argi daukagu hainbat erabilera okerrekin prebentzio lana egin behar dela, baina mendekotasuna den edo ez den... Mendekotasuntzat ez ditugu hartuko, baina erabilera desegokiak, denbora larregian erabiltzea, beste gauza batzuk albo batera uztea... Horiek landu egin beharko ditugu.
Arrate Arana: Ez dakigu mugak non dauden. Noiz esan daiteke mendekotasuna dela?
Batzuk agian ez dira lasai sentitzen teknologiak erabili barik.
A.S.: Drogen kasuan argi dago substantziak berak eragiten duela aldaketa kimiko bat burmuinean; mendekotasuna sortzen du horrek, eta ondorio fisikoak ikusi egiten dira. Teknologia berriekin zer gertatzen da? Mendekotasunak daude, ala gizartea aldatzen dabil? Batzuek egun osoa pasa dezakete Interneten, baina gero Internetik ez daukatenean, kapaz dira ondo egoteko. Hala ere, egia da beste batzuei gehiago kostatzen zaiela teknologia berririk barik egotea. Kasu horietan izan daiteke giza trebetasunak ez dauzkatelako behar den moduan landuta, edo beste gabezi batzuk dituztelako. Arlo hori da azken finean guk ikasgeletan lantzen duguna.
A.A.: Ikasle batzuek esaten dizute: “WhatsApp aplikazioa kentzen badidazu, hil egingo naiz”. Eta duela urtebete hori barik bizi ginen. Ohitura hartu dute, eta horrelakorik ez edukitzea sarritan koadrilatik deskonektatuta egotea da. Hor informazio asko mugitzen da, eta WhatsApp aplikaziorik ez badaukate, ez dute gauza askoren berri izaten.
A.S.: Eurentzat oso inportantea da, gainera, lagun-taldea.
Talde presioa...
A.A.: Drogen inguruan askotan berdina pasatzen da. Beste guztiak edaten eta nik ez dut edango? Bada, nik ere edango dut, bestela taldeko arraroa izango naiz.
Teknologien erabilera okerrei lotuta, orain asko entzuten da ‘Ciberbullying’ kontzeptua.
A.S.: Ikasleen artean erabiltzen da, eta nik uste dut askotan ez direla kontziente egiten duten minagaz. Baten baten argazkia ipini ahal dute barregarria iruditzen zaielako, eta gaur egun mezuak oso arin mugitzen dira alde batetik bestera. Jende askori ailegatzen zaio, eta hori oso mingarria izan daiteke. Beste batzuetan, benetan, eurek nahita egiten duten gauza bat da. Era inkontzientean egiten diren horietan, behintzat, prebentzio lana egitea komeni da.
Ludopatia ere landuko duzue programa berrian.
A.S.: Gai hori ez da batere berria; elkarte asko dabil arlo horretan lanean. Guk prebentzioan egingo dugu lan, hori da gure arloa. Online jokoetan, kirol jokoak eta horrelakoetan, ordu asko sartzen dituzte orain gazteek. Azken finean, prebentzio lana antzekoa da ludopatia kontua denean edo droga kontua denean. Landu behar dira emozioak, autoestimua, familia arteko harremanak, lagunen arteko harremanak, depresioak...
A.A.: Arrazoiak ere antzekoak izan daitezke. Drogak hartzen hastearen edo jokoen mendekotasunaren atzean giza trebetasun falta egon daiteke.
Teknologien erabilerari buruzko ikerketa egiten hasi zarete. Zertan datza ikerketa?
A.S.: Ikasgeletan drogak edo sexualitatea lantzeko saioetan inkestak pasako ditugu, jakiteko zenbat ordu igarotzen dituzten mugikorragaz, online jokoetan jolasten, Interneten... Gero, elkarrizketak egingo ditugu, hainbat arlotan gaia zelan ikusten duten jakiteko. Gero, programa zehaztuko dugu. Ikasketa fasean gaude. Jardunaldietan parte hartzen, jardunaldiak antolatzen...
A.A.: Gu teknologia arloan ez gara oso adituak, oso klasikoak gara, eta egunean ipintzen gabiltza.
Guraso asko oso arduratuta dabil arlo honekin.
A.A.: Askok ez dute kontrolatzen zenbat gauza egin daitezkeen teknologiekin. Ikerketa amaitzen dugunean, baliteke guraso-eskolak ere sartzea programan, baina hori aurrerago izango da.