Lehior Elorriaga irabazle argazki lehiaketan

Anboto 2013ko aza. 29a, 08:21

Elorriagak egutegia osatzeko lehiaketako argazki onenaren eta paisaia onenaren sariak lortu ditu

Elorriagak egutegia osatzeko lehiaketako argazki onenaren eta paisaia onenaren sariak lortu ditu.

 

2014ko egutegia osatzeko Anbotok martxan jarritako lehiaketan sari bikoitza jaso du Lehior Elorriaga zaldibartarrak. 500 euro eskuratu ditu argazki eta paisaia onenengatik. “Sorpresaz eta poztasunez” jaso du albistea. Elorriaga albaitaria da formazioz, baina argazkigintza oso gustuko du. “Orain langabezian nago, eta denbora gehiago hartzen nabil argazkigintza sakonago lantzeko”, azaldu du irabazleak. Martzel Elorriaga bere anaia ere argazkizalea denez, bien arteko erronka legez hartu dute Anbotok martxan jarritako lehiaketa. “Hamabi herritako argazkiak ateratzea gogorra egiten da, baina anaiarekin joanda, esperientzia polita izan da Durangaldea ezagutzeko”.

 

12 hilabete, 12 herri lehiaketaren hirugarren edizioak inoizko harrerarik onena izan du. 14 parte-hartzailek bidali dituzte ateratako argazkiak.

 

Nobedadeak

Anbotok 2014rako ateratako egutegia nobedadez beterik dator. Tenporak, eta ilgora eta ilbehera sasoiak ezagutzeko aukera eskainiko du, baita sasoi bakoitzean erein edo landatzeko ortuarien zerrenda ere. Durangoko Azokan eta ohiko salmenta lekuetan hiru euroren truk salgai egongo da laster.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!