Azaroaren 30ean Beldur Barik topaketetarako deia

Anboto 2013ko aza. 25a, 09:57

Beldurra eduki daiteke iluntasunean ezezagunak agertzeari, bikotea haserrearazteari, estereotipoetatik kanpo zer edo zer egiteari... Horrelako egoeren aurrean beldur bako jarrera aldarrikatzea da Beldur Barik ekimenaren helburua. Azaroaren 30ean ospatuko den jaialdia izango da ekimenaren egun gailurra. Basauriko Marienean izango da topaketa, 16:00etatik aurrera.

Beldurra eduki daiteke iluntasunean ezezagunak agertzeari, bikotea haserrearazteari, estereotipoetatik kanpo zer edo zer egiteari... Horrelako egoeren aurrean beldur bako jarrera aldarrikatzea da Beldur Barik ekimenaren helburua. Azaroaren 30ean ospatuko den jaialdia izango da ekimenaren egun gailurra. Basauriko Marienean izango da topaketa, 16:00etatik aurrera. Bertan, tailer, jai giro eta Beldur Barik film laburren lehiaketako sari banaketarekin une atsegina igaro ahalko da.


Film laburrak


Arropa neurri batek eragin dezakeen obsesioa, gizonei eta emakumeei lotzen zaizkien estereotipoak... Gai ugari landu dituzte gazteek film labur lehiaketan. Guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 151 lan aurkeztu dira, Durangaldekoak bederatzi. Berrizko eskolako ikasleek, adibidez, neska eta mutilek berdintasunaren alde lan egiteko premiari buruzko lana aurkeztu dute. Abadiñoko taldeak egindako lanean neskek izan ohi dituzten mamu eta beldurrak ageri dira, eta irtenbidea aurre egitean dagoela adierazi dute. Durangoko Zeozer elkarteak lan bat baino gehiago aurkeztu du, eta beldurrei eta genero estereotipoei egin diote erreferentzia. Lan guztiak www.beldurbarik.org helbidean ikus daitezke, eta azaroaren 27tik aurrera film labur onenari botoa emateko aukera egongo da.


Iaz, Durangaldeko beste zazpi lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta Elorrioko Txoko Feministak egindako film laburrak epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen. Eguneroko hainbat egoeren aurrean sentitzen diren beldurrak izan zituen berbagai lan hark.


Azaroaren 30eko topaketa


Basauriko topaketa arratsaldeko 16:30ean hasiko da, datorren asteko domekan. Lehenengo eta behin, Marienea emakumeen etxean bisita bat egingo dute Las Kapritxosas emakume pailazo taldearekin. Arratsaldeko lehen zatian, lau tailerren artean aukera egin ahalko dute parte hartzaileek: Sexualitate tailerra, autodefentsa feminista, mutilentzako feminismoa eta clown tailerra.


Sexualitate tailerrean, emakumeen sexualitateari buruz dauden mezuei buruz berba egingo dute. Herentzia sexuala izenburupean, hainbat gai landuko dituzte. Tartean, asetze erotikoa, emakumeen hipersexualizazioa, mito eta debekuak,  sexualitatearen arriskuak eta jazarpenak... Saioa Hernandez Castro izango da tailerraren dinamizatzailea.


Portaera sexistak aztertzen


Autodefentsa feminista tailerrean, eguneroko mikro-matxismoak aztertuko dituzte hasteko, eta horiei egokitutako erantzunak landu eta sortuko dituzte. Portaera sexista horiek zelan transmititzen diren ikusiko dute. Eraso fisikoen aurrean babesteko teknika batzuk ere ikusiko dituzte tailerrean. Isa Bernal psikologo feministagaz jardungo dute tailerrean. Bera unibertsitateko irakaslea da,  tratu txarretan eta indarkeria sexistan aditua.


Mutilentzako feminismo tailerra ere egongo da Basauriko topaketan. Era partehartzailean eta euren esperientzietatik abiatuta, feminismoari mutilek egin dezaketen ekarpenari buruz ibiliko dira berbetan Jokin Aspiazu soziologoagaz.


Clown tailerra ere egongo da. Umorea eta jabekuntza landuko dute tailer horretan. Emozioak kudeatzeko modu osasuntsuago bat edukitzeko tresnak jorratuko dituzte Oihulari Klowneko Virginia Imazen eskutik.


Umorea eta jai giroa


Tailerren ostean, kalejira eta luntxa edukiko dituzte Basauriko Marienean. 20:30ean hasita, film labur lehiaketako lanak proiektatuko dituzte, eta, ondoren, sari banaketa egingo dute. Oihulari Klown taldeak Clownclusioak deitutako emanaldia egingo du. Beldur Barik Topaketan izena eman nahi duenak jarrera@beldurbarik.org helbidera idatzi dezake. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!