Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna ekitaldi eta aldarrikapenez beteta dator

Anboto 2013ko aza. 25a, 09:36

Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte gaur zein datozen egunetan: kontzentrazioak, bideo emanaldiak, solasaldiak…

Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte gaur zein datozen egunetan: kontzentrazioak, bideo emanaldiak, solasaldiak…


Abadiñon, Anboto Azpiko Damak eta Batugara  emakume elkarteek udalagaz batera kontzentrazioa antolatu dute gaurko; 19:00etan, Traña-Matienako Trañabarren kalean jarri dute hitzordua. Elkarretaratzearen ondoren, Batugara elkarteko kideek batukada erakustaldia eskainiko dutela azaldu dute antolatzaileek.

 

Berrizen musikak eta poesiak bat egingo dute gaur Kultur Etxean. Paco Damas musikari jaendarraren doinuekin tartekatuta, Maria Zambrano, Rosalia de Castro, Clara Campoamor eta abarren omenezko irakurketa poetikoak egingo dituzte, 19:40tik aurrera. 

 

Durangon hainbat ekitaldi daude. Bateginez eta Andereak elkarteek Pochutako (Guatemala) emakumeen eskubideen inguruko berbaldia antolatu dute hilaren 27rako. Durangoko Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak elkartasun proiektuak garatzen ditu Pochutan, eta emakumeen egoera hobetzeko ere lan egin gura dute. Mujeres de Pochuta en Acción mugimendua bultzatzea da euren helburua. Mugimendu hori emakumeen eskubideen aldeko lana egiteko, eta indarkeria jasotzen duten andreei laguntza emateko sortuko dute. Dinamika horren berri emateko, berbaldia eskainiko du Kurutzesantu Museoan Victoria Sendón de León filosofo eta feminista ospetsuak. Emakumeen kontrako indarkeria sinbolikoaz eta errealaz jardungo du, 18:30ean.

 

Elorrioko Udalak etxerik etxe banatuko ditu aurten ere puntu moreak dituzten kartelak, 3.200 guztira, eta herritarrei etxeetako leihoetan, edo saltoki eta tabernen ateetan eta erakusleihoetan ipintzeko deia egin die. Azaroaren 25ean bertan, elkarretaratzea deitu dute Herriko plazan, 19:00etarako. Urtero hainbat herritar batzen da bertan, baita herriko lau emakume elkarteetako kideak ere. Astelehenerako, Elorrioko Txoko Feministak bere deialdia egin du herritarrak kontzentrazioan batzeko. 
 

Zaldibarren, Herriko Helmuga elkarteak deituta kontzentrazioa egingo dute gaur, 17:30ean. Agirre Lehendakariaren parkeko elkarretaratze horren ostean, indarkeriaren kontrako adierazpena irakurriko dute. Ondoren Indarkeria matxisten aurrean Feministak martxan dokumentala eskainiko dute. Liburutegi zaharrean izango da Mugarik Gabe GKEak egindako dokumentalaren emanaldia. El Salvador, Guatemala eta Euskal Herriko zazpi emakume feministen kontakizuna du ardatz dokumentalak: emakumeek indarkeria matxista ugariri egin behar izaten diote aurre, eta horri buruzko gogoeta egiten dute protagonistek. Indarkeria salatu eta horri aurre egiteko moduez dihardute.

 

Zornotzan, gaur, 13:00etan, kontzentrazioa egingo dute Herriko plazan eta bihar, 20:00etan, Ellas dokumentala eskainiko dute Zelaieta zentroan. Dokumnetala Mercedes Pinto (1883-1976, Tenerife) idazle, ekintzaile politiko eta kazetariaren gainekoa da. Pinto ezaguna da, besteak beste, feminismoaren alde egindako lanagatik. Gainera, horren ondorioz, Uruguaira desterratu zuten. 1923an El divorcio como medida higiénica izeneko hitzaldia eskaini zuen Madrilen, eta Miguel Primo de Rivera diktadoreak erbesteratu egin zuen. Uruguain bere ideak zabaltzen jarraitu zuen, eta, besteak beste, Vida Canaria aldizkaria sortu zuen. Ellas dokumentalak bere bizitza islatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!