Errigora ekimenean parte hartzen dabiltza ikastolak eta AEK, beste batzuen artean. Nafarroa hegoaldeko produktuen otzarak dituzte salgai, bertako nekazariei eta euskalgintzako elkarteei laguntzeko. Auzolana da Errigoraren ardatza.
Piper gorriak, olioa, potxak, orburuak, zainzuriak... daude Errigorako otzaran. Durangaldeko ikastoletan, AEK-ko euskaltegietan eta hainbat taberna eta enpresatan daude salgai. Otzaren bidez lortutakodirua ekoizleentzat izango da zuzenean, eta % 25 Erriberako euskalgintzarentzat. Aste honetan amaituko da Errigora ekimeneko kanpaina. Azaroaren 25etik abenduaren 1era banatuko dira produktuak.
Zelan doa kanpaina? Otzara asko saldu dituzue?
Urko Rodrigez: Kanpaina ondo joan da. Gurean hirurogei bat eskari dauzkagu.
Miren Iturriagaetxebarria: Guk hogeita bost otzara inguru saldu ditugu.
Errigoran euskalgintzako hainbat elkarte zaudete.
U.R.: Iaz hasi zen ekimena, eta hasiera batean ikastolen barruan bakarrik egin zen gauza bat izan zen. Nafarroako eremu ez-euskalduneko ikastolei laguntzea zen asmoa. Momentu horretan Tuterako Argia ikastolari laguntzeko, egoera kritikoa zelako. Horrela abiatu zen kanpaina. 34.000 euro lortu ziren ikastolarako. Aurten, kanpaina handitu egin dute, eta AEK, Sortzen Ikasbatuaz, eta eskola publikoa ere badaude. Salmentaren %25 Erriberako euskalgintzara bideratuko da.
Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren egoera nahiko gaitza da, ezta? Zelan dabiltza hango AEK eta ikastolak?
M.I.: Eurek oso gaitz daukate. Han oso euskaltzalea izan behar zara euskara ikasteko. Dena da eragozpen. Irakasle edo ikasle izan, kilometroak egin behar dituzu euskaltegiraino. Taldeak oso txikiak dira, eta euskaltegiak ez daude edonon.
U.R.: Ez dago testuinguru euskaldunik.
M.I.: Ez dago testuingururik, ez dago laguntasunik, ez dago ezer. Daudenak ahal dutena egiten ari dira, egoera oso kaskarrean.
U.R.: Azken batean, bizirauten ari dira.
Nafarroako produktuak bultzatzea du oinarri Errigorak.
U.R.: Gaur egungo globalizazioan, Nafarroako produktuak merkaturatzeko sekulako zailtasunak dauzkate, eta hori izan zen kanpainaren abiapuntua. Arazo horri buelta emateko produktuak kausa bigaz merkaturatu dituzte. Bata, eurena, noski, produktoreena, eta, bestea, euskalgintzaren kausa.
M.I.: Euren produktuei aterabidea ematea da, azken batean. Globalizazioagaz sortzen den konpententzia ikaragarria da eurentzako.
U.R.: Multinazionalen esku-hartzeagaz, gaur eguneko Nafarroako zainzuriak Txinatik edo Perutik etorritakoak dira.
Errigoran lanean dabiltzan pertsonak auzolanean dabiltza.
M.I.: Bai. Kontuan eduki merkatuko prezioan 50 euroan saltzen direla otzarak. Prezio hori mantentzeko ez dago besterik: Jende pilo batek egin behar du beharra: Batzuek ekarri, besteek batu, beste batzuek zabaldu... Horrek horrela izan behar du. Eta, beno, nahiko ohituta gaude euskalgintzakoak horrela ibiltzera. [Barre egin dute biek].
U.R.: Bai, autokontsumoa da hori. Baina, beno, horrela irteten dute aurrera hainbat proiektuk!
Proiektuaren berri jakin zenutenean, zer iruditu zitzaizuen?
M.I.: Ni harrituta geratu nintzen. Bonbillatxoren bat pizten zaion jendea ere badago! Berez, zerikusirik ez daukaten bi kontu dira, eta Nafarroa hegoaldeagaz lotu dituzte fisikoki. Egoera eskasa dute bai euskara munduan, bai nekazaritzan. Hori uztartzea oso ideia ona izan da.
U.R.: Ideia ona da, eta meritu handia daukate horren arduradunek; hau guzti hau dinamizatzeko eta martxan jartzeko behar handia hartu dute. Komunikaziorako ere bideo eder bat egin dute. YouTuben Errigora ipiniz gero, topatuko duzu. Polita da, ulertzeko erraza, eta laburra. Pentsatzen dut honek bere ibilbidea edukiko duela, eta gorantz joango den proposamen bat izango dela. Bide batez, euskal kulturgintzak elkarri laguntzeko daukan kohesioa ikusten gabiltza.
Udazkenean eta udaberrian egin gura dituzte otzaren kanpainak.
M.I.: Udaberrikoa lehenengo aldiz egingo da, eta produktu freskoekin egingo da. Kopuru handiekin eta beste modu batera.
Elikadura burujabetzarako bidea ere bada.
U.R.: Bai, eta krisi egoeran, gainera, badirudi ekoizle txikien gaineko sentsibilizazioa handitu egiten dela. Gu ikastolan ere bagabiltza bertako produktuekin lanean. Hausnarketa egin dugu, eta jantokiko menua pixka bat tuneatu dugu.