\'Salerosketak be euskeraz\' kanpainara merkatari gehiago batu gura dituzte.
Iazko irailean Salerosketak be euskeraz egitasmoa ipini zuten martxan, Durangon, merkatarien eta bezeroen artean euskararen erabilera indartzeko helburuz. Harrera ona izan du, eta merkatari gehiagoren partaidetzagaz jarraituko dute ikasturte honetan ere. Ekimenagaz batera inkesta bat egin dute 188 komertziotan, eta emaitzek adierazi dute erabilera bultzatzeko politikak beharrezkoak izango direla. Izan ere, merkatarien %75ek dio zerbitzua euskaraz eman ahal duela, baina %32k bakarrik erabiltzen du. Eta, bezeroen kasuan %18k darabilte. Beraz, euskara jakin arren, salerosketak gaztelaniaz egiteko ohitura daukate durangarrek.
230.000 txartel banatuta
ITG taldeak sortu zuen ekimena, udaleko euskara zerbitzuaren laguntzaz. Sustatzaileek prentsaurrekoa eman dute gaur, balantzea egin, eta hurrengo helburuen berri emateko. Bertan izan dira ITGko Eneritz Iza, Aitziber Irigoras alkatea, Dendak Bai-ko presidente Guillermo Oarbeaskoa eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue. Bizkaiko Foru Aldundia eta Orue Eskola ere badira aurten babesle. Lehenengo urte honetan 144 komertziok parte hartu dute kanpainan. 230.000 txartel banatu dituzte salerosketak euskaraz egiten zituzten bezeroen artean, eta bost tablet zozkatu dituzte.