Euskarazko bideogintza, eta, oro har, gazteen artean ikus-entzunezkoari lotutako sorkuntza sustatzeko helburua duten ekimen bi abiatu dituzte Durangaldeko Amankomunazgoak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Bata, 12 eta 16 urte arteko Durangaldeko gazteei zuzenduta dago, eta bestea, euskaraz bideo sorkuntzan bidea egin gura duten 18 eta 35 urte arteko euskaldunei.
Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoia ikus-entzunezko rallya antolatzen duen bederatzigarren aldia da aurtengoa, eta, lehenengoz, Durangaldean garatuko da, abenduaren 6tik 8ra, Durangoko Azokako Irudienea gunean.
Parte hartzaileei abenduaren 6an jakinaraziko diete film laburra lantzeko gaia. Ordutik aurrera, 48 ordu izango dituzte irudiak grabatu eta editatzeko.
Rallyan parte hartu ahal izateko baldintzak honako hauek dira: 18 eta 35 urte artean izatea, lanak euskaraz aurkeztea, eta berori lantzeko azpiegitura teknikoak norberak ipintzea.
Izen-emateko epea azaroaren 22an amaituko da, eta rallyaren oinarri guztiak zein izen-emate orria honako webgunean aurkitu daitezke: www.kameratoia.com. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: 1.200, 900 eta 600 euroko sariak.
Antolatzaileen esanetan gazteek urtero erakusten dute irudimena eta trebetasuna badutela sorkuntzaren arloan. Urtetik urtera rallyra aurkezten dituzten sorkuntzak gero eta hobeak direla adierazi dute, bai teknikoki, bai edukiari dagokionez. Ikus-entzunezko guztiak abenduaren 8an, hamaikak baino lehen entregatu behar dira, DVD batean (Topaguneak Durangoko Landako Elkartegian duen egoitzan) zein Interneteko transferentzia bidez, alba@topagunea.org helbidean.
Ikus-entzunezko ikastaroa
Durangaldeko Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ikus-entzunezko ikastaroa antolatu du. Ikastaroa azaroan eta abenduan garatuko da, ordu eta erdiko hamar saiotan. Azaroaren 7an eta 9an egingo dituzte aurkezpen saioak Behargintzan.
Ikastaroan bideogintzari lotutako arlo guztiak landuko dituzte, beti ere, euskaraz: gidoigintza, irudien grabaketa, edizioa… Aktore lana ere gazteek eurek egingo dute. Ekimenaren helburua gazteen aisialdian euskarazko eskaintza areagotzea da.
Kurtsoa doakoa da (20 euroko fidantza ipini behar da, eta ikastaroa amaitutakoan itzuli egingo dute) eta izen-emate epea azaroaren 4an amaituko da. Izena emateko bide bi daude: izen-emate orria eta banku-agiria Behargintzara eramanda (08:00etatik 15:00etara) edo beharrezko agiriak honako helbide honetara bidalita: euskera.mdurango@bizkaia.org. Ikastaroari buruzko informazio osoa eta izen-emate orriak www.durangaldeaeuskaraz.eu webgunean daude eskuragarri. Amankomunazgoa osatzen duten herrietako gazteek parte hartu dezakete.
Gainera, 2014an film labur edo bideo sorkuntzen inguruko lehiaketa bat martxan ipintzeko asmoa ere badute.