Berbalagunek hamarkada bat bete du Durangon eta Berrizen

Anboto 2013ko urr. 28a, 08:37

Herri bietan Berbagalun martxan ipini zenetik hamar urte joan direla ospatzeko jaialdia antolatu dute urriaren 30ean, Plateruenean

Herri bietan Berbagalun martxan ipini zenetik hamar urte joan direla ospatzeko jaialdia antolatu dute urriaren 30ean, Plateruenean.

 

Berbalagun egitasmoa martxan da aurten ere. Elorrion orain 13 urte hasi ziren, eta Berrizen eta Durangon hamarkada bat beteko du egitasmoak. Urteurren berezi hori ospatzeko jaialdia antolatu dute urriaren 30ean, 19:30etik aurrera, Plateruenean. Lehenengo Mikel Martinez aktoreak Denboraren korapiloak izeneko bakarrizketa eskainiko du. Ondoren, Berbalagun egitasmoaren aurkezpena egingo dute, eta amaitzeko, luntxa egongo da bertaratzen direnentzako. Ekimena Esne Beltza taldeko Zigor DZ DJak girotuko du.

 

Berbalagun egitasmoak euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzen ditu. Horrela, euskaldun berriek euskara praktikatzeko aukera izaten dute. Elorrio, Durango eta Berrizen ez ezik, Zaldibar, Abadiño eta Iurretan ere sortzen dira berbalagun taldeak. Iaz 218 berbalagunek parte hartu zuten 30 berbataldetan. AEK-k kudeatzen du eta Berbaro, udal euskaltegia, hizkuntza eskola, Durangaldeko Amankomunazgoa eta udaletako euskara zerbitzuak laguntzaileak dira. Ane Abanzabalegi eta Ziortza Aldekoa Otalora dira Berblagaun egitasmoko dinamizatzaileak Durangaldean.

 

Izena eman gura dutenek Durangaldeko AEK euskaltegietan (durangaldea@aek.org), Durangoko Udal Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan, kultur etxeetan eta udaletako euskara zerbitzuetan dute horretarako aukera. Blog bat ere badute: www.durangaldea.blospot.com.

 

Gurasolagun egitasmoaren kanpaina ere abiatu dute eskualdeko ikastetxe guztietan. Euskararen transmisioan eragitea da helburua; gurasoak euskaraz dabiltzala, seme-alabengan euskaraz egiteko ohiturak sortzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!