Eskualdea ia alderik alde zeharkatzeko aukera ematen du mendiko bizikletak.
Durangaldea leku aproposa da mendiko bizikletaz ibiltzeko. Mendi, baso eta ingurune ederrak ezagutu ahal dira bertako ibilbideak eginez. Eskualdea ia alderik alde zeharkatzeko aukera ematen du Durango, Abadiño, Berriz, Zaldibar, Mallabia, Elorrio eta Atxondo zeharkatzen dituen ibilbideak. Gainera, Mallabitik Elorriorako tartean Elgetatik igarotzea ere ahalbidetuko dio txirrindulariari. 46 kilometroko luzera dauka, eta ia lau orduko ahalegina eskatzen du.
Durangon irtenda, Abadiñoko Gaztelua auzorantz joan behar da lehenik. Handik, pista hartu eta Berriztik Miñotarako errepidera. Bidegurutzean, aurrera jo asfaltozko bidetik. Azkeneko baserriraino jarraitu, eta ezkerraldean dagoen bide bati heldu behar zaio. Beherantz joango da, Egaña lantegiaren atzealdera irten arte. Zaldibartik Areitiora igotzea da hurrengo lana. Eskuineko pista bat hartu behar da Elgetara joateko. Gipuzkoako herrira heltzean, Intxortarako norabidean jarraituko du txirrindulariak. Intxorta inguratu, eta Kanpazar-Elgeta errepiderantz jo behar da.
Kanpazarrera heltzean, Besaide ingururantz eroango duen pista erabili behar du txirrindulariak. Handik, Atxondorantz jaitsiko da. Durangora bueltatzeko, errepide albotik Abadiñora jarraitu, eta ostean, bidegorria hartu daiteke.