Euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea helburu hartuta, \'Eman giltza!\' kanpaina abiatu dute Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako egitasmo hau 39 udalerritan eta mankomunitate bitan zabalduko da; tartean, Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Zaldibarren ere bai. Ume jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoei zuzendutako kanpaina da.
Bizkaiko 10.000 familia inguruk jasoko dute duela bi urte abiatu zen Eman giltza! kanpaina horren berri. Horretarako, ume jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek umearen inguru hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen dituen diptikoa jasoko dute etxean eta euren kezka eta beldurrak uxatzeko prestatu den webgunearen berri ere izango dute: www.emangiltza.com. Horrezaz gain, adur-zapia, askari-poltsa, kotxean jartzeko pegatina eta Ku-Ku liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Horrela jakin eragi dute udal arduradunek. Ku-Ku liburuxkan, besteak beste, abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak daude jasota.
Aurten, ikasturte hasierakin batera, ETB2n egitasmoa ezagutzera emateko eta transmisioa sustatzeko iragarkia ere ikusi ahal izango da.