\'Euskaraz bizi nahi dut\' leloagaz arineketan egingo dute Berrizen eta Zornotzan asteburu honetan. Abadiñon ere badabiltza lasterketa berezia prestatzen.
Iazko antzera, urri honetan herri lasterketak antolatuko dira Euskal Herriko hainbat herritan, Euskaraz bizi nahi dut lelopean. Kontseiluak bultzatutako ekimenera hainbat herri batu dira, eta Durangaldean asteburu honetan izango dira lasterketa horietako bi; Zorntotzan zapatuan, eta Berrizen domekan.
Zorntozan, EHE, Esait eta Nañon Zorrontzan Euskeraz taldeek antolatu dute zapatuko lasterketa. Zubiondo parkean hasiko dute 12:00etan, eta ordu bete arinago hasiko da izen-ematea. Lasterketa hiru taldetan banatuko da. 6 urte arteko umeek 200 metroko ibilbidea egingo dute, 7 eta 17 urte bitartekoek kilometro batekoa, eta 18 urtetik gorakoek bost kilometrokoa.
Berrizen zapatu eguerdian egingo dute lasterketa, eta jaialdia. Futbol zelaitik irtengo dute arineketan, eta herriko kaleak zeharkatuta, Olakueta plazan amaituko dute lasterketa. Goizeko 10:45ean ipini dute ordua Olakuetan izena emateko, eta 11:15 aldera Berrizburura joango dira trikitilariek lagunduta. 11:30 inguruan hasiko dira korrika, eta ondoren, tailerrak eta luncha edukiko dituzte Olakueta plazan. Euskararen Aholku Batzordea eta udala ibili dira zapatuko jaia prestatzen. Abadiñon ere badabiltza antolaketarako batzarrak egiten, eta laster definituko dute lasterketaren eguna.