Preso eta iheslarien eskubideak herri bezala lantzeko deia

Anboto 2013ko urr. 2a, 10:53

390 lagunek manifestazioa egin zuten atzo Durangoko kaleetan, Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko. Elorrion, 200 lagun asanbladan batu ziren, eta datozen egunetarako ekintzak antolatu zituzten. Barikuan mobilizazioak egongo dira herririk herri, eta zapatuan manfestazio nazionala Bilbon

390 lagunek manifestazioa egin zuten atzo Durangoko kaleetan, Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko. Elorrion, 200 lagun asanbladan batu ziren, eta datozen egunetarako ekintzak antolatu zituzten. Barikuan mobilizazioak egongo dira herririk herri, eta zapatuan manfestazio nazionala Bilbon.

 

Durangoko mobilizazioan ia 400 lagun batu ziren atzo arratsaldean. Amaieran, protestaren bultzatzaileek esan zuten Herrirak herritarren atxikimendua jaso duela 2012an sortu zenetik: "Espainiar estatuak bultzatutako polizia operazioak herritarren atxikimendu hori etetea du helburu, eta horrekin batera Euskal Herriko konponbide prozesua trabatzea". Euren ustez, demokraziaren eta Euskal Herriaren kontrako "erasoa" da, Herriraren kontrakoa izateaz gainera. "Beraz, herri bezala erantzun behar dugu. Inoiz baino gehiago, kalean egon behar da Herrira", adierazi zuten. Aurrera begira, lana ere herri izaeraz egitea eskatu zuten: "Herri bezala landu behar dugu preso eta iheslarien giza eskubideak betetzea ekarriko dituen ibilbidea, etxera ekartzeko bidea". Bide horretan, herritar guztiak ezinbesteko direla uste dute, "tantaz tanta osatuko dugulako ukazioaren barroteak irauliko dituen itsasoa".

 

Durangon barikuan jarraituko dute mobilizazioek. 12:00etan kontzentrazioa egongo da Andra Marin, enpresetan ere mobilizatuko dira 13:45etik 14:15era, ELA eta LABek deituta. Arratsaldean, 19:00etan, kontzentrazioak egingo dituzte Eroskiko biribilgunean, Landakoko osasun etxearen parean, Herria elkartearen aurrean eta Iurretako mugan. 20:00etan manifestazioa irtengo da Andra Maritik.

 

Elorrion ere 200 lagun batu ziren asanblada egiteko eta ekimenak prestatzeko. Horrez gainera, Giza eskubideak, konponbidea eta bakea lema islatzeko kartelak banatu dituzte komertzioetan. Datozen egunetan, hartuemanak izango dituzte eragile sozial, sindikal eta politikoekin. Barikuan, giza katea egingo dute 19:30ean, eta 20:00etan argazkia aterako dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!