Atzo Guardia Zibilak egindako operazioaren harira, hainbat protesta deitu dituzte eskualdean datozen egunetarako. Egoeraz hausnartu dute deitzaileek: "Aurrera egin behar dugula uste dugu, orain inoiz baino gehiago. Guztion ekarpena ezinbestekoa da". Elorrion ere asanblada egingo dute 20:00etan.
Atzo lehenengo mobilizazioak egin zituzten. Esaterako, Abadiñon kontzentrazioa egin zuten. Gaur manifestazioa egingo da Durangon, 19:30ean, Ezkurditik hasita. Elorrion, asanblada zabala deitu dute plazan, 20:00etan. Barikurako ere ekitaldiak deitu dituzte herririk herri, eta zapatuan manifestazio nazionala burutuko dute Bilbon. Hainbat eragile sozialek egin dute barikuan eta zapatuan mobilizatzeko deia. Zapatuko manifestazioa Aita Donostia plazatik irtengo da, 17:30ean.
Atzoko operazioan Herrira mugimenduaren egoitzak itxi zituzten, eta hamazortzi lagun atxilotu ere bai. 2012an sortu zen Herrira, preso eta iheslarien eskubideen aldeko lana egiteko asmoz.