Hainbat herritan lazo berdeak banatuko dituzte gaurko egunaren harira. Gainera, udaletxeetako balkoietan pankartak ipiniko dituzte.
Adin guztietarako gizarte baten alde. Hori da gaurko egunerako aukeratu duten lema. Adinekoen Nazioarteko Eguna da, eta Amankomunazgoak prentsaurrekoa eskaini du ekimenak aurkezteko. Bigarren urtez eskegiko dituzte pankartak udaletxeetan. Xingola edo lazo berdeak ere banatuko dituzte arratsaldez. "Guztiok gara garrantzitsuak gizarte honetan, bai nagusiak, gazteak, helduak edo umeak; adinak ez dauka garrantzirik", esan du Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak.
Nagusien elkarteetakoek ere ospatuko dute eguna. Zahartze aktiboaren filosofia zabaltzeko aprobetxatuko dute, baita udalei eta administrazioei horretan eragitea eskatzeko ere: "Pertsona nagusiek gizartean paper aktiboa eta biztanleriak dituen aukera berdinak izan ditzagun". Gaurko ekimenez gainera, zapatuan belaunaldien arteko martxa egingo dute Zaldibarren. Nagusien Etxeak eratu duen ekitaldia eskertu du Arantza Baigorri alkateak: "Gaur egungo gizartea oso indibidualizatua dagoela uste dugu. Gure gizarteko nagusiak, helduak, nerabeak eta umeak elkarrekin denbora gehiago pasatzearen alde gaude".
Durango, \'Hiri Adeitsua\'
Bestalde, Durangoko Udala egitasmo berri batean murgildu da: Adinekoekin Hiri Adeitsuen Sarean. Durangori nagusien ikuspuntutik begiratzea da ekimenaren helburua. Horretarako, diagnostiko bat egingo dute, eta ekintzak zehaztu gero. Batzorde berezi bat sortu dute, nagusien eta pentsiodunen elkarteetako kideekin.