Iaztik jarraitzen duen Mallabia Tabirakolor taldeari, Elorrioko Buskantza eta Sasikoa Durango taldeak batu zaizkio aurten
Gatza eta piperra bueltan dira areto-futboleko Hirugarren mailan. Bai, behintzat, Durangaldeko ikuspetik begiratuta. Iaztik jarraitzen duen Mallabia Tabirakolor taldeari Elorrioko Buskantza eta Sasikoa Durango batuko zaizkio aurten, iaz igoera lortu ostean. Proiektu berriek, hainbat helburuk eta lehia sanoek talka egingo dute denboraldi honetan jokatuko dituzten sei derbietan. Eskualdeko areto-futboleko hiru ordezkari nagusiek datorren asteburuan ekingo diote ligari.
Mallabiaren proiektu berria
Iaz desagertzeko zorian egotetik, aurten proiektu sendo bateko protagonista izatera igaro da Mallabia. Etorkizunera begira, proiektu sendo baten lehen zutarriak ezartzen dabiltza. Geronimo Ugarte entrenatzaile zaildua gidari dutela, taldea ia goitik behera eraberritu dute. Iaztik jokalari bik eta atezain batek jarraituko dute. Hirugarren mailako oilarren artean borrokan aritzea da helburua, aurten ezin bada, datorren denboralditik aurrera.
Aurredenboraldia makineria berria doitzen eman du Mallabiak: “Ez gara nahi genuen mailan ibili, baina normala da. Jokalari berri asko ditugu, azpiegiturak mugatuak dira, eta horrek garapen prozesua moteldu egin du. Baina talde ona osatu dugula uste dut, eta ilusioz beteta gaude”, azaldu du Ugartek. Orandik, laburtzat jotzen duten taldea (9 jokalari eta 3 atezain) indartzeko beste jokalari bi fitxatu guran dabiltzala azaldu du. Asteburuan Santurtzi bisitatuko dute.
Sasikoa mailari eustera
Sasikoak ere proiektu berria du aurten Juan Carlos Carrera entrenatzaile duela. Eta ez, ez gara izenekin okertu. Iaz Mallabia entrenatzen aritu zen Carrera Sasikoan dago aurten, eta Sasikoan ibili zen Geronimo Ugarte Mallabian. Areto-futbolak horrelako bitxikeriak ditu.
Talde berria klubeko jokalariekin osatu dute: iaztik jarraitzen dutenek, eta Sasikoa B taldetik igotakoek. Hala ere, taldea ez dagoela itxita adierazi du Carrera entrenatzaileak: atezain eta hegal-pibot baten bila dabiltza.
“Hirugarren mailara bueltan, eta talde gaztea dugula ikusita, mailari eustea dugu helburu”, dio Carrerak. Sasikoa da eskualdeko hiru taldeetatik etxean ekingo dion bakarra. Bihar Soloarte hartuko dute Landakon. Aurredenboraldian, lagunarteko partidu batean, 4-2 irabazi zion Sasikoak Basauriko taldeari, baina Carrera ez da fidatzen: “Esperientzia dute, eta lehiakorrak dira. Hiru puntu jokoan daudenean beste kontu bat da”.
Elorriok aurpegi berri gutxi
Elorrioko Buskantzak, printzipioz, mailari eustea du helburu, esperientzia batu, eta mailan sendotzea. Aurredenboraldian partidu onak eta kaskarrak tartekatu dituzte. Concepto talde indartsuaren kontra launa berdinduta “apur bat hazi egin ginen”, onartu du Iker Saenz de la Cuesta entrenatzaileak. Ondorengo hiru partiduak, nahita, beheragoko mailakoen kontrakoak izan ziren, eta komeriak izan zituzten. Esaterako, 3-5 galdu zuten Presion Break taldearen aurka: “Atzean ixten zaizkigunean zailtasunak ditugula ikusi genuen. Partidu horiek ondo etorri zitzaizkigun fisikoki zein mentalki prestatzeko”.
Oro har, iazko taldeari eutsi diote, eta hiru aurpegi berri bakarrik dituzte. Bi berriro hasi dira areto-futbolean: Ibon Salaberria eta Iñaki Pelaez. Hirugarrena gazte mailako taldetik dator: Joseba Pelaez. Asteburuan Donostian jokatuko dute.