Orixol mendiaren magaletik bizikletaz

Anboto 2013ko ira. 23a, 08:30

Bizikletako pedalei eraginda, Urkiola igaro eta Orixol mendiaren magaletik ibiliko da txirrindularia

Bizikletako pedalei eraginda, Urkiola igaro eta Orixol mendiaren magaletik ibiliko da txirrindularia.

 

Anboto mendikatearen iparraldetik irten, hegoaldera pasatu, eta berriro iparraldean amaitzen da Orixol mendia erreferentziatzat duen ibilbidea. Bizikletako pedalei eraginda, Urkiola igaro eta Orixolen magaletik ibiliko da txirrindularia, paraje ederrak ikusteko aukeragaz. Guztira 48 kilometroko martxa izango da, bost orduan gutxi gorabehera osatzekoa.

 

Durangoko Tabira auzoan dago irteera. Handik Abadiñorantz joan behar da auzobidetik, Mendiolara ailegatzeko. Atxartetik igaro eta Urkiolara igotzea, bizikletariaren hurrengo eginbeharra. Urkiolan Pol-Pol edo Asuntzerako bidea hartuko du, pistatik. Pol-Polen, pistari jarraitu, eta Zabalandira heltzean, eskumara jo. Lezeagako mendi-lepora helduko da horren ostean. Aramaio, Orixol eta Ipizteko bista politak ikusten dira bertatik; atsendetxo bat hartzeko gune egokia izan ahal da, beraz.

 

Gero, Etxaguenerantz joan behar du txirrindulariak. Orixol inguratzen hasiko da hortik, Kruzetatik Orixol igotzeko ingurunea heldu arte. Pista hori hartu eta gero, lur edo lokatzezko bide batetik joango da Kruzeta eta Oleta batzen dituen errepideraino. Urkiolara bueltatu beharko du hortik, errepide alboko pista aprobetxatuta. Azkenik, Urkiolatik Durangora, etorrerako bidetik edo errepide nagusitik joan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!