Ume eta helduek euskaraz jolastea gura dute.
Amankomunazgoak berriro ipiniko du martxan Zabu Zibu egitasmoa, uda aurretik lehenengo esperientzia izan eta gero. Euskararen erabilera indartzeko asmoz sortu zuten, eta aisialdian oinarritzen da. Ume eta gurasoek euskaraz jolastea gura dute, ohiturak aldatzea. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak adierazi du indar handia egin gura dutela arlo horretan: “Familiako transmisioa lerro estrategikoa da”.
Urtxintxa Eskolaren laguntza dauka Amankomunazgoak, eta jolasa zergatik darabilten azaldu du Maite Asensio kideak: “Hizkuntza ohituretan garrantzi handia dauka aisialdiak”. Irailean eta urrian egingo dituzte jolas saioak zenbait herritan, asteburu honetan hasita. Hiru eta bost urte arteko umeei zuzendutako ekimena da.
Familiakoak ere partaide
Familiak ere berba egiteko ohituretan eragiten duela uste dute, erreferentzia direlako. Horregatik proposatzen dute ume eta helduek batera jolastea. Ekimenean parte hartzeko ezinbestekoa da guraso edo familiakoak ere partaide izatea. Ordubeteko saioetan, helduei ere erakusten dizkiete euskarazko jolasak. Normalean, orain artean, gazteleraz ikasi izan direla azaldu dute antolatzaileek. Aurreko esperientzian ikusi zutenez, hainbat gurasok lotsa sentitzen dute hasieran, baina probatu ostean errepikatu egiten ei dute. Lotsak kentzeko gonbita egin diete helduei.
Saioen berri
Joan zen ikasturtean, apiril aldera garatu zuten Zabu Zibu. Gustura daude jasotako emaitzekin, eta errepikatzea erabaki dute. Aldundiaren eta Jaurlaritzaren diru-laguntza daukate, gainera. Durango, Mañaria, Atxondo, Berriz, Zaldibar eta Elorrion egingo dute orain ekimena. Horren inguruko informazioa webgune honetan eskuratu ahalko da: www.durangaldeaeuskaraz.eu.