Bizkaiko ohiturazko bizimoduarekin lotutako gune eta paisaiak ezagutzera eman guran, Ardi Jaiaren hirugarren edizioa antolatuko dute zapaturako Durangon eta Atxondon.
Gontzal Sarrigoitia Urkiola Landa Garapeneko ordezkariak, Guillermo Oharbeaskoa Dendak Bai elkarteko presidenteak, eta Oihana Azkorbebeitia Gerediagako kideak prentsaurrekoan aurkeztu dute egitaraua. Azaldu dutenez, goizeko egitaraua Durangon antolatuko dute, eta arratsaldean, berriz, Atxondo izango dute topaleku.
Andra Mariko elizpean prestatuko duten Gazta Azokagaz ekingo diote egitarauari. Bertan izango dira, besteak beste, Idiazabal gaztagaz, Atxarte Gazta, Aitor Urien, Erreketa, Jaio eta Txirri. Merkatu plazan egoten diren ekoizle batzuk, Ardi Jaiagaz bat eginez, Andra Marira lekualdatuko dira. Eguerdiko 13:00ean, Jose Ramon Agirianok. Gazta dastaketa herrikoia zuzenduko du. Doako ekintza izango den arren, Dendak Bai elkartearen egoitzan erreserba egin beharra dago. Elkarteko kide den dendaren baten egindako erosketaren tiketa zein Durango Txartela aurkeztu behar dira. Gainera, leku berean Bizkaiko Txakolin Eguna ere ospatuko dute.
Transhumantzia gogoratuz
Artzainek urtaroaren arabera artaldea larrez aldatzeko transhumantzia egiten zuten. Artaldeak hartuta artzainek abelbide naturalak zeharkatzen zituzten. Durango abelbide horietako batek zeharkatzen zuen. Ohitura hori ezagutzera emateko, Krispin Arregi Garaiko artzainak Iurretatik abiatuta Durangoko hainbat kale zeharkatuko ditu 60 ardiz osatutako artaldea bidelagun duela.
Txapelketa, zapatuan
Aurtengo Ardi Jaiko nobedadeetako bat, Euskal Herriko Artzain-txakur Txapelketa jokatzeko egunaren aldaketa da. Aurreko urteetan domeka goizez antolatu izan duten arren, aurten zapatu arratsaldeko 17:00etan batuko dira Axpeko Elizalde landetan, Atxondon. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko txapeldun eta txapeldunordeak lehiatuko dira bertan. Jose Urien abadiñarra Bizkai txakurragaz izango da Durangaldeko ordezkari bakarra txapelketaren 47. aldian. Lehiaren ostean, sarrerarekin batera bertaratzen direnek, Arabar-Errioxako ardoa eta Durangaldeko gazta eskuratzeko aukera izango dute. Ardi Jaiko kupoiekin, bi lagunentzako afari bi zotz egingo dituzte.