Lehen laguntzako eta ur sorospeneko ikastaroa, Amankomunazgoren eskutik

Anboto 2013ko ira. 9a, 08:30

Lehen laguntzako eta ur sorospeneko ikastaroa antolatu du Durangaldeko Amankomunazgoak. Bi zatitan emango du 128 orduko ikastaro hori Gurutze Gorriak; batetik lehen laguntza eta, bestetik, sorospena

Lehen laguntzako eta ur sorospeneko ikastaroa antolatu du Durangaldeko Amankomunazgoak. Bi zatitan emango du 128 orduko ikastaro hori Gurutze Gorriak; batetik lehen laguntza eta, bestetik, sorospena.

 

Gehien jota 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute ikastaro horretan eta guztiek kurtsoaren bukaeran lanpostu baterako baliogarri izango dituzten titulazio ofizialak jasoko dituzte. Amankomunazgoan dauden herrietan erroldatutakoek hartu dezakete parte; baita Berriz eta Garaikoek ere.

 

Durangaldeko Behargintzak, Amankomunazgoko enplegu agentziak, antolatutako ikastaroa urriaren 7an hasiko da eta azaroaren 23ra arte luzatuko da. Alor horretan formazioa eskaintzea da helburua, beharrezko titulua jaso eta enplegua lortzea lagundu guran. "Behargintzatik hasieratik hona egin dugun legez, eskualdeko herritarrei formazio on bat eskaintzea da gure asmoa, lanpostu bat lortzeko aukerak emateko", dio Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak. Lehen sorospeneko diploma, ezinbesteko oinarrizko bizi euskarriaren diploma eta kanpoko desfibrilatzaile erdi-automatiko (KDE) eta uretako sosrospen diploma jaso dute ikastaroa egiten dutenek.

 

Izena ematea, irailaren 20ra arte

Lekua mugatua izango da eta izena emateko epea irailaren 20an amaituko da. Horretarako Durangaldeko Behargintzara jo beharko da, 08:30etik 14:00etara. Guztira 128 ordu izango dira: lehenengo 48 orduak lehen sorospenerako erabiliko dira eta gainotzekoak uretako sorospenererako.

 

Bi zatitan banatuko da ikastaroa. Horretara, Behargintzan bertan egingo dituzte lehengo orduak 18:00etatik 21:00etara, astelehenetik barikura. Gainontzekoak asteburuetan izango dira, inguruko igerileku baten. Antolatzaileek azaldu dutenez, kurtsoan parte hartzeko froga bat gainditu beharko da: 200 metro egin beharko dira lau minutu baino gitxiagoan, eta 25 metro ur azpitik. Ikastaroa egiteko 16 urtetik gora euki behar dira.

 

Kurtso hasieran bost euro ordaindu beharko dira eta dagozkien beharrak betez gero, dirua bueltatuko zaie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!