"Arazo politiko bategatik etorri bagara, arazo hori konpondu behar da"

Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorio, ehunka lagunek ihes egin izan dute urtetan, atxiloketen edo kartzelatzeen beldur. Munduan barreiatuta bizi dira, eta Durangaldeko hainbat ere badaude egoera horretan. Euretako hiru dira Imanol Jaio (Abadiño, 1985), Jon Irazola (Elorrio, 1956) eta Pako Aranburu (Mallabia, 1949). Bizimodu publikoa daukate Ipar Euskal Herrian, eta Ziburun batu dira beren kasuen berri emateko

Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorio, ehunka lagunek ihes egin izan dute urtetan, atxiloketen edo kartzelatzeen beldur. Munduan barreiatuta bizi dira, eta Durangaldeko hainbat ere badaude egoera horretan. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gatazkaren konponbideari begira ekarpena egin du, eta aurpegia eman dute horretarako. Euretako hiru dira Imanol Jaio (Abadiño, 1985), Jon Irazola (Elorrio, 1956) eta Pako Aranburu (Mallabia, 1949). 3 urte daroaz ihesi Jaiok, 31 Irazolak eta 13 Aranburuk. Bizimodu publikoa daukate Ipar Euskal Herrian, eta Ziburun batu dira beren kasuen berri emateko.

 

Zelan gogoratzen dituzue iheseko lehen egunak?

J.I.: Banekien nire lagunak atxilotu zituztela, eta posible zela nire bila etortzea. Lankideak etorri zitzaizkidan esanez: ‘Zure bila etorri dira lantokira’. Guztiz paralizatuta geratu nintzen. Hor ohartu nintzen beste mundu batera pasatzear nengoela. Handik hilabete batzuetara Iparraldera heldu nintzen. 

P.A.: Bizkar gainean 50 urtetik gora, eta beste bizitza batera pasatzea. Bizitza egina, familia... hasieran oso gogorra, uste dena baino gogorragoa. 50 urte eta gero bizitza horretan sartzea kolpe gogorra da. Gure borrokak hori eskatzen zigun, eta hori da ondorioetako bat. 

 I.J.: Ni gaztea nintzen eta gogoratzen dut azken urteetan, errepresioak eraginda, baldintza txarretan bizi ginela militantzian. Atxiloketa batzuk egon ziren, eta hurrengoa zu izango zarela uste duzu. Torturatzen zaituzte eta kartzelara; edo bestela ezkutatu egiten zara. Akordatzen naiz arropa batzuekin alde egin nuela, eta Iparraldera heltzerakoan arropa berberarekin nengoela.

 

Zer dakar iheslari izateak?

P.A.: Bizitza berri batera egokitu behar izatea suposatzen du. Bizitza hori bide luze batean eta, salbuespenak egon arren, prekarietatean oinarritzen da. Baina beste gauza batzuk ere badakartza: koherentzia politiko batekin jokatu behar duzu.

I.J.: Norberak bere kontraesanak dauzka, arazoak, familia... baina gaztetatik hasi den militantziako beste etapa bat bailitzan ulertzen saiatzen naiz.

J.I.: Militantziak denbora gehiago, eta buruan ere leku gehiago betetzen dizu. Egia da erantzukizun handi bat ere badugula, nahi ala ez, zerbait errepresentatzen dugulako besteen aurrean. Bestalde, epe ertain edo luzerako etorkizunik gabeko egoera batean bizi gara. Ezin duzu proiektatu zure bizitza hemendik 3 urtetara. Adibide bat emango dizut: 82an etorri nintzen, eta 83an, GALekoak iheslariak hiltzen hasi ziren. Etorkizunik ezin edukitze hori etsipen eta frustrazio ikaragarria da.

 

Urtetan ezkutuan egon den kolektiboa da zuena. Zergatik orain aurpegia eman?

J.I.: Historikoki iheslarien kolektiboak oso egoera desberdinak bizi izan ditu. Espainia Europan sartu zen, eta arrazonamendu faltsu bat egin zuten: ‘Europa demokratikoa da. Espainia Europan baldin badago, demokratikoa da. Beraz, iheslariek ez daukate zentzurik’. Frantziak hartu zituen bere neurriak: GALi laguntzea, kanporatzeak, 87ko 100 laguneko sarekada, deportazioak... Geroztik iheslariak ez ziren joaten estatutua emateko bulegora. Orduan, babesik gabeko paria batzuen antzeko bilakatu ginen. Paperik gabe. Gaur egun, euroagindua dugu, tresna izugarri bortitza. Ekainaren 15ean, Miarritzen agertu ginenean, onartu genuen. Gu argitara goaz, gure errealitatea agertzera, gure egia kontatzera. Bagaude, edo, behintzat, egon nahi dugu fase erresolutibo batean. Gonbita egin diegu gure etsaiei gauza bera egin dezaten. Egoera horrek ezin du horrela segitu. Are gehiago, duela bi urte ETAk bere adierazpena egin zuenetik. Lehendabiziko aldiz kolektiboak badu gako bat. Espainiarrek eta frantziarrek ez dute esango noiz, nola eta zertarako itzuliko garen geure herrira. Guk erabakiko dugu; gainera, prozesuak aurrera egiteko. Konplexurik gabe gaude, eta erantzuna bortitza izan zen: bozeramaile bat atxilotu zuten.

 

Errepresaliatuak etxera bueltatzeko sasoia dela diozue ekarpenean. Horra bidean, urratsak emateko prest zaudetela.

P.A.: Ez da erraza izan. Bi urte pasatu dira Miarritzekora arte. Sekulako sakabanaketa bizi dugu munduan zehar. Guk egin behar genuen lan bat zen. Baina gainditu dugu. Ireki den prozesuarekin bat egiten dugu goitik behera. Eta bat egite horretan, argi duguna da aurrerapausoak bilatzen joango garela. Jauziak emateko prest gaude. Arazo politiko bategatik etorri bagara, arazo hori konpondu behar da. Aurpegia ematea urrats positiboa izan da, eta horrela baloratu izan da.

I.J.: Sinesgarritasuna irabazi dugu herriaren aurrean, eta eskertu dute. Herria gure alde daukagu zentzu askotan, baina beste aldearen pausoak itxaroten dabil, egiaren eta justiziaren bidean.

 

‘Herria dugu arnas’ da zuen lema. Zer adierazi gura duzue?

P.A.: Aldebakarreko bide batean sartu gara. Estatuekin zerbait egin beharko da, noski baietz. Baina gu zuzenean herrira goaz. Herriak izan behar duelako egoera honi buelta eman behar diona. Ez soilik gure egoerari, Euskal Herriko egoera politiko osoari baizik.

I.J.: Herria da aktibo eta subjektu nagusia. Herriaren babes hori lortuz gero, eta uste dut lortu dugula maila batean, horrek erakutsiko du ezker abertzaleko militanteak izan garela, baina benetan herriaren militanteak izan garela.

J.I.: Gu herritik sortu ginen, oldartze sentimendu batetik. Eta gu herrira itzuliko gara. Presoen eta iheslarien defentsa fase horretan ezin du bakarrik egin ezker abertzaleak, edota giza eskubideen inguruan ardurak dauzkaten erakundeek. Konponketa baldin badago, adiskidetze maila bat lortu beharko da. Eta hori ez da ideologia edo alderdi politiko bati dagokiona. Horregatik esaten dugu ‘Herria dugu arnas’.

 

Familia eta lagunez aparte, zer da faltan gehien botatzen duzuena?

J.I.: Bizitza soziala. Badakit denborarekin aldatu ere aldatu dela, indibidualismoa eta kontsumismoa ere leporaino sartu zaizkigula. Baina bizitza sozial hori, edozein momentutan karrikara atera, jendearekin egon, proiektuak elkarrekin muntatu... halako optimismo bat dago kalean. Baikortasuna badago gauzak aldatzeko, txispa, eta hori faltan botatzen dut. Hori ez dut bizi izan hemen.

P.A.: Gogo izugarria daukat Anboto, Alluitz... horietara joateko. Kristorenak dira! Mendi horietan asko ibilitakoa naiz.

I.J.: Gure inguruan rol batzuk jokatzen ditugu familia edo lagunekin. Bateren bat txarto ikusiz gero, ezin laguntze horrek barrenak jaten dizkizu. Fisikoki, baina baita psikologikoki ere, badaude trabak. Gaur hona egokitzen gara beste lagun edo familia batzuekin, baina ez da guztiz erreala.

J.I.: Oso gogorra egin izan zait beti, nik maite dudan jendearen bizitzako momentu ederrenetan hor ez egotea. Eta une txarrenetan ere ez; norbait hiltzen denean, hori gogorra da.

P.A.: Ni hemen nagoela hil dira aita, ama, osabak, izebak, emaztearen ama... gogorra da.

 

Herritarrak dira zuen ustez gauzak aldatzeko giltza.

P.A.: Guretzako oparirik ez da egongo. Olentzerorik ez dugu izango, Euskal Herriarentzako ere ez. Denok dakigu herri hau zapalduta dagoela. Herriko gauzetan jendeak inplikatu behar du, eta ea astiro-astiro goraka goazen.

J.I.: Azkenengo hauteskundeetan, mapan kolore bat hedatu zela ikusi genuen, eta ea Durangaldean ere kolore hori hedatzen den, abertzale eta ezkertiarren kolorea.