83ko uholdeek urez bete zuten Durangaldea

Anboto 2013ko abu. 30a, 09:00

Orain 30 urte uholdeen eraginez estuasun uneak bizi izan zituzten Iurretan, Matienan eta Berrizen

1983ko abuztuaren 26an Durangaldeko hainbat gune urez bete ziren. Iurretan, Traña-Matienan (Abadiño) eta Berrizen eraikin askotako beheko solairuak eta kaleak estali zituen urak.

 

Denda eta taberna askotan kalte material handiak eragin arren, ez zen zauriturik izan. Hala ere, egun hori estuasun handiagaz bizi zuenik ere izan zen. Jon Irazabal iurretarrak akorduan du egun hura: “Uholde bi izan ziren. Goizean izan zen bata eta ondoren uraren maila jaitsi egin zen. Arratsaldean berriz, Bilbon marea igotzerakoan erreketako ura igotzen hasi zen”. Askondo, Zubiaurre, Bixente Kapanaga kaleak eta errepide nagusia urez gainezka gelditu ziren Iurretan. “Ebro baserrira joan ginen, eta bertako bizilagunak irten egin behar izan ziren. Ibaiondo tabernan mostradorearen altuerara arte igo zen ura”. Gallegoaren degustazioko Alfredo Lopez eta emaztea dendaren barruan gelditu zirela eta zodiak batean atera behar izan zituztela gogoan du iurretarrak.

\"\"



Matiena “urpean”

Taberna Zarrako Miguel Angel Munitxa uholdearen egunean Pancorbora joan zen goizean goizetik. Eguerdian heldu zenean, ura jaitsita zegoen, baina arratsaldean berriro ere errekak gainezka egin eta Matiena urpean zelan gelditu zen ikusi zuen. “Beheko solairu guztietara sartu zen ura eta gure tabernan makineria guztia hondatu zuen”, oroitu du Munitxak. “Matienan gertatu diren beste uholdeak ere abuztuan izan dira. Orain 50 urte baino gehiago, San Salbadore egunez, abuztuaren 6 batean, beste uholde handi bat gertatu zen. Urak gizon bat eraman zuen Samur enpresa zegoen inguruan, eta sokekin atera behar izan zuten”.

 


Berrizen, errepide nagusira heldu zen ura. Erreka inguruan, Juliantxu tabernaren jabeek kalteak izan zituzten sotoan.Uholdeak eragindakoari aurre egiteko, elkartasuna zabaldu zen Durangaldeko herritarren artean. Hainbat lagunek garbiketan lagundu zieten inguruko dendari zein tabernariei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!