Kurutziaga ikastolako gaztetxoek ingelesa modu ludikoan praktikatu dute uztailean

Anboto 2013ko uzt. 21a, 08:47

Jolastuz ikasi daiteke, eta ikastea jolasteko modu bat ere izan daiteke. Kurutziaga ikastolako 70 bat gaztetxok (5 eta 12 urte bitartekoak) Enjoy English ekimenean parte hartu dute uztailean

Jolastuz ikasi daiteke, eta ikastea jolasteko modu bat ere izan daiteke. Kurutziaga ikastolako 70 bat gaztetxok (5 eta 12 urte bitartekoak) Enjoy English ekimenean parte hartu dute uztailean.

 

\"\"

 

Udako sasoian ingelesa hobetzeko edo, gutxienez, buruan eta ahoan erabiltzeko aukera izan dute, Erresuma Batukoak diren bost begiralegaz. Izan ere, sarritan, liburu baten aurrean behartuta baino errazago ikasten da ikasgai bat jolas baten inguruan, alderdi ludikoa eta ikasgaia batera eta eskutik helduta doazenean.

 

Begiraleak ingelesak, irlandarrak edo eskoziarrak dira, eta umeekin esperientzia duten unibertsitateko ikasleak dira. Euskal Herrira etortzeko duten arrazoia programa bera da. Hain zuzen, begirale bat iaz ere etorri zen, eta esperientzia gustatuta, aurten errepikatzea erabaki du. Programaren beste berezitasun bat honako hau da: atzerritik datozen begiraleak Enjoy English programan parte hartzen duten gaztetxoen etxeetan bizi dira hilabete osoan.

 

\"\"Gaztetxoak taldeetan banatu dituzte adinaren arabera: “Askotariko ekintzak egin dituzte, eta begiraleek ingelesez egiten dutenez, gaztetxoek etengabe darabilte hizkuntza hori ahoan”, adierazi du Laiene Zabala ekimeneko koordinatzaileak. Hil honetan askotariko ekintzak egin dituzte; esaterako, gazteenek ipuin bat oinarri hartu eta horren gaineko marrazkiak edo eskulanak egin dituzte, beti ere, ahal den guztietan begiraleekin ideiak partekatzeko hizkuntza ingelesa izanda. Horrez gainera, gaztetxo denek egunpasetan ere parte hartu dute, aisialdirako eskaintza ikastolatik kanpora ere zabalduta. Ekimeneko argazkiak webgunean ipini dituzte ikusgai: www.kurutziagaikastola.net 

 

Enjoy English programa gaur bertan amaitu dute, eta hil honetako esperientzia borobiltzeko, ekitaldi berezi bat prestatzen ibili dira burubelarri.

 

Hain zuzen, gaur goizean Kurutziaga ikastolan bertan jaialdia egin dute, eta gurasoak eurak izan dira ikusle. Talde bakoitzak erakustaldi bat prestatu du, eta denek elkarrekin, good bye esan diote Enjoy English programari, datorren urtera arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!