GR Mikeldi ibilbidea konpontzen ari dira

Anboto 2013ko uzt. 20a, 08:12
Urkiola Landa Garapenak ekin dio lanari

Urkiola Landa Garapenak ekin dio lanari.

 

GR Mikeldi ibilbideak zer konponketa behar dituen jasotzen duen azterketa egin du Durangoko Sapubike klubak. Diagnostikoa Urkiola Landa Garapenari eman diote orain. Iker Sagardui Sapubikeko kideak azaldu duenez, landaretzaren mantentze lana da eskatzen duten puntu garrantzitsuenetako bat. Ganaduarentzako pasabide batzuk bizikletarien beharretara egokitzea eta seinaleztapena jasotzen duten eta egoera txarrean dauden posteak konpontzea dira bizikletarien beste eskabideetako batzuk.

 

Juan Mari Totorikaguena Urkiola Landa Garapeneko arduradunak azaldu duenez, dagoeneko ekin diote lanari. Udaberrirako, ibilbidea gertu egotea espero dute. Izurtza, Mañaria, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, Zaldibar, Garai, Iurreta, Zornotza eta Durango zeharkatzen ditu GR Mikeldik. Guztira, 86 kilometroko ibilbide baliotsua da. Urkiola Landa Garapenak hitzarmena dauka sinatuta udalekin, ibilbidearen mantentzearen ardura izateko.

 

Izurtzako zatia

Totorikaguenak baina, GR Mikeldi osoa atontzea ez dela posible adierazi du: “Leku batzuetan interbentzio handia egin behar da, eta ekonomikoki oso garestia litzateke”. Izurtzan euriteak direla-eta gertatutako lur mugimenduek kalte handia eragin dute ibilbidearen puntu horretan. Konponketa hori Urkiola Landa Garapenak ezin duela bere gain hartu dio Totorikaguenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!