Mongolian, Ulan Batorretik 30 kilometrora, lankidetza proiektuak dauzka ‘La otra mirada’ GKEak. Euren berri izan zuenean, Sayá Sangidorj piano jotzaile mongoliarrak proiektuetan laguntzea erabaki zuen. Eguenean kontzertu berezia eskainiko du Zornotzan.
Zelan bat egin du Sayá Sangidorjek zuekin?
Maite Sanz: Bere senarra ezagutzen duen lagun bat daukagu. Sayá Espainian bizi da, eta Mongoliagaz oso konprometituta dago; proiektuak ezagutu zituenean, izugarri gustatu zitzaion ideia. Kontzertu bi lotu ditu: bata Ulan Batorren bertan, eta bestea Japonen, eta horietan ateratako dirua gure proiekturako izango da. Hemen inguruan ere kontzertuak eratu ahal zirela ikusi zuen, eta Galdakaon, Zornotzan eta Donostian antolatu ditugu. Uste baino konplikatuagoa izan da. Dokumentuak, aretoak, baimenak, argia, pianoa leku batetik bestera eroatea... Saltsa horietan gabiltza.
Duela urte bi sortu zenuten ‘La otra mirada’.
Susana Lorenzo: Orain dela lau urte inguru hasi ginen Mongoliagaz lanean, Valentziako GKE bategaz. Geroago, gure elkarte propioa egitea gura genuela erabaki genuen, 2011n. Hasieran, han umezurztegietatik irtendako gazteentzako etxe tutelatu bat egitea zen asmoa.
M. S.: Hor arazoak izan ditugu burokraziagaz, bertan lur zati bat edukitzeko GKE bat sortu beharko genukeelako han, langile eta guzti. Guk boluntarioekin egin gura dugu lan. Azkenean, filial bat egitekotan gaude Mongolian, eta horren erantzunaren zain gaude. Hango alkatearekin berba eginda, esan zigun hango premietako bat dutxak zirela. Etxe askotan ez daukate urik, ez eta garbitokirik ere. Bertako emakume batek bere lurrak utzi dizkigu lan horiek egiteko. Dutxa bi egiten hasi gara, eta gero emakume hori bertan egongo da kontratuagaz lanean. Diru gutxiren truke, ur beroagaz dutxatzeko aukera emango da, eta bide batez, familia horri bizibidea emango zaio.
S. L. : Eraikina egiteko sistemarik merkeena eta ekologikoena bilatu gura genuen. Telazko zakuekin dabiltza hormak egiten. Harez eta zementu apur bategaz beteta, legoko fitxen moduan jartzen dira eta gero egurraz inguratzen dira. Oso kuriosoa da, merkea eta oso ekologikoa. Ura lursaila daukan familiak daukan putzu batetik hartuko dugu, eta galdara txikitxoak erosteko asmoa daukagu.
Kristalezko hezurren gaixotasuna daukaten ume bigaz ere bazabiltzate lanean.
M. S.: Bai, gure elkarteko kide batek, Alvaro Sainzek, urrian ezagutu zituen.
S. L. : Hasieran esan zioten artritisa zeukatela. Alvaro ez zen bat ere konbentzituta geratu; artritisa baino gehiago zen hura. Hiri barrura joan eta ospitalean azterketak egin eta gero ondorioztatu zen osteogenesi inperfektua zutela. Ama gaixotasun beragaz hil zen, baina ez zioten diagnostikatu. Senarrak jotzen zuela uste zuten ingurukoek. Ume horiek ez dira euren etxetik irten orain arte. Nagusiena, gurpildun aulkian geratuko zela esan zuten, eta txikia hil egingo zela. D bitamina, esneki eta zerealen bidez, hobekuntza handia izan dute, eta ahizpa nagusia arineketan ibiltzen da jolasean, eta Alvarori ere laguntzen dio hareazko zakuekin.
Alvaro oso modu kuriosoan ezagutu zenuten, ezta?
S. L.: Bai. Bera DYAko boluntarioa zen, eta Mongol Rallya egin zuen. Galdakaotik botikaz eta jostailuz betetako anbulantzia bategaz joan zen Mongoliara. Albistea entzun nuen justu irten zenean, eta bere ibilbidea jarraitzen ibili nintzen. Bidean denetik pasatu zitzaion. Hilabete egin behar zuen, eta hiru hilabete egin zituen azkenean! Momentu batean, injektore barik geratu zirela irakurri nuen Facebooken. Kazakhstanen-edo zegoen, geldi. Taldean komentatu, eta diruz laguntzea erabaki genuen. Asko eskertu zuen gure laguntza. Azkenean, eskalatzaile ingeles batzuk lagundu zioten. Gure dirua erabili ez zuela eta bueltatu gura izan zuen, baina esan genion, inbertitu zezala Ulan Batoren. Han hasi zen jendea ezagutzen, eta hango beharren berri edukitzen. Orduantxe topatu zituen kristalezko hezurren gaixotasuna daukaten umeak. Neba-arreba askodun familia da. Nebetako bat meategi batean dabil lanean, bere neba-arrebentzako dirua lortzeko. Etxean oso baldintza txarretan zeudela eta laguntzen hasi zen apurka-apurka.
Nalahïk izeneko auzoan zabiltzate lanean. Zer moduz hartu dute zuen laguntza bertako auzokideek?
M. S.: Dutxak egiten gabiltzan lurretako familia oso ondo portatzen dabil gurekin, eta orokorrean, denak; gustura gabiltza. Uste dut ikusi dutela apurka- apurka gauzak egiten ari garela, eta bertako bizi kalitatea hobetzen dabilela. Dutxak egiteko, errekatik hiru tona harri ekarri zituzten zakuetarako, eta prozesuan laguntzen dabiltza. Auzokideek eta umeek eurak ere asko laguntzen dute.
Zelan lortzen duzue finantzazioa?
M. S.: Bazkideak dauzkagu, eta bila gabiltza. Itsulapikoak ere ipini ditugu hainbat tabernatan, eta Zornotzako eta Durangoko jaietan postua ipini dugu. Pultserak, zaku terapeutikoak... Egiten ditugu eskuz.