Turistak Durangaldera erakartzea gura dute

Anboto 2013ko uzt. 20a, 09:00

Dendak Bai elkarteak ermiten ibilbide turistiko bat prestatu du Iurreta eta Garai batuz. Udalen, Gerediaga elkartearen eta Urkiola Landa Garapena elkartearen laguntza eduki dute. Ideia eskualdera zabaltzeko helburua daukate

Dendak Bai elkarteak ermiten ibilbide turistiko bat prestatu du Iurreta eta Garai batuz. Udalen, Gerediaga elkartearen eta Urkiola Landa Garapena elkartearen laguntza eduki dute. Ideia eskualdera zabaltzeko helburua daukate.

 

Turistak Durangaldera ekartzea. Hori da ibilbide berriaren asmoa. Dendak Bai elkarteko Guillermo Oarbeaskoak esan du, ermita edo baselizen inguruko ibilbide honegaz komertzioak ere indartzea gura dutela, horretarako bide bat izan ahal dela. Herrigunetik hurbil egonda, turistak denda eta tabernetara joango direla uste dute. "Durangaldea helburu turistiko lez sustatzea gura dugu", azaldu du Oarbeaskoak. Lehenengo esperientzia da hau, Iurreta eta Garai kontuan hartuta eta ermitak erabilita amu lez. Baina, etorkizunean eskualdera zabaltzeko intentzioa daukate, eta formatua ere alda daiteke. Baserriak, mendiak... hainbat elementuk aukera sortzen dutela uste du merkatarien elkarteko ordezkariak. Urkiola Landa Garapeneko Juan Mari Totorikak ere hari beretik egin du berba: "Ondarea balioan ipintzea da".

 

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak aitortu du eskualdean asko dagoela egiteko turismoaren inguruan: "Erronka bat daukagu turismoaren garapenean. Horrelako iniziatibek laguntzen dute".

 

Sei ermitako ibilbidea

Baselizen Ibilbidea deitzen da ekimena. Iurretako San Migel elizan hasten da ibilbidea. Hortik, Amatza eta Goiuria zeharkatzen ditu. Gero, Garaiko Santa Katalina eta Momoitiotik pasatzen da. Azkenik, Garaizarrera jaitsi eta hortik berriro San Migel elizara. Leku bakoitzean informazio panel bat dago, eta QR kodea erabilita zozketetan parte hartu ahal da. Gainera, tripitikoak argitaratu dituzte mapa eta informazioagaz. Esaterako, komertzioen datuak daude bertan. Eskuorri horiek herrietan banatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!