Erralde osatzen zuten 15 udalek bi milioi euroko kreditua dute banketxeei ordaintzeko.
Hiltegia osatzen duten 15 udalek Erralde enpresa moduan likidatu egin dute. Baserritar eta langileekin zituzten zorrak kitatu dituzte dagoeneko, baina Berrizen hiltegi berria eraikitzeko erosi zuten lursailaren kreditua ordaintzea gelditzen zaie. Irtenbide moduan, Mikel Ansotegi erraldeko presidenteak azaldu duenez, 90.000 metro karratuetatik 80.000 metro koadroko lur eremua saltzea planteatu dute. Hiltegi berria eraikitzeko 6.000 metro koadro nahikoak dituztela azaldu du Aulestiko alkateak (Bildu). Gainerako lurrak salduta, bankuekin duten zorra ordaintzea litzateke helburua. Lursailaren kalifikazioak mugatu egiten du salmenta, okelarekin lotutako aktibitatera bideratuta dago-eta.
Abadiñoko Udala da Erralden parte hartzen duen udalik handiena, bai eta diru kopuru handiena jarri duena ere. Jose Luis Navarro alkateak (Abadiñoko Independienteak) adierazi duenez, Abadiñok ez du kreditu horren “euro bakar bat gehiago” ordainduko: “Bankuekin hipoteka lursailaren kontra egin genuenez, gura badute hartu dezatela lursaila, baina ez dugu diru gehiago horretan gastatuko”. Lursaila saltzea litzatekeela irtenbideetako bat gaineratu du: “4 eta 4,5 milioi euroan baloratua dago”. Proiektua beti egongo dela hor dio Navarrok, baina egoera jasangaitza dela: “Nire aholkulariekin berba egin eta gero hartu dut erabakia”.
Durangaldeko beste udal batzuei gai honen inguruan galdetu eta gero, bankuekin dituzten konpromisoak betetzen jarraituko dutela jakitera eman dute, kredituak ez ordaintzen izan ditzakeen ondoriengatik, baita proiektuari babesa emateko ere. Joseba Mujika Elorrioko alkateordearen (EAJ) berbetan, Elorriok bere zatia ordaintzen jarraituko du. Mila Mondragon Mallabiko alkateak (Bildu) ere adierazpen horrekin bat egin du.