"Aurten, beherapenak handiagoak izango dira hasieratik; dendek likidezia behar dute"

Anboto 2013ko uzt. 4a, 13:23

Beherapen garaia da. Lehen, merkatarientzako garai oparoa izaten zen hau, baina aurten ez da hain ona izango, Santiago Reyesen ustez. Dendak Bai merkatarien elkarteko kideek bizi duten egoerari buruz eta etorkizuneko erronkei buruz berba egin du Reyesek.

Beherapen garaia da. Lehen, merkatarientzako garai oparoa izaten zen hau, baina aurten ez da hain ona izango, Santiago Reyesen ustez. Dendak Bai merkatarien elkarteko kideek bizi duten egoerari buruz eta etorkizuneko erronkei buruz berba egin du Reyesek.

 

Zer egoeratan heldu dira Durangoko merkatariak udako merkealdira?

Egoera nahiko txarra da, eta beherapenekin egoera hobetzen den arren, oraingoan ez dira irtenbidea izango. Suposatzen dut beherapenak ez direla onak izango. Erostea grina bat izaten da, eta egoera honegaz ez dira egoten halako bulkadak. Aurreko beherapenak nahiko txarrak izan dira, eta hauetan ere erosketak egongo dira, baina ez beste urte batzuetan moduan. Erosketak txarrak izan dira denboraldian, eta beherapenetan gehiago salduko bada ere, ez dira onak izango.

 

Normalean baino beherapen handiagoak egongo dira?

Kalean %50eko deskontuak ikusi ditut. Bai, beherapenak handiagoak izango dira, hasieratik. Normalean azken momentuan jaisten dira gehien prezioak, eta orain hasiera-hasieratik egingo dute denda askok. Likidezia behar da, dirua, irailean hasiko den denboraldi berrirako erosketak egiteko. Lehenago salmentak txarrak izan direnez, ahalik eta gehien saldu gura dute orain.

 

Arropa sektorean, batez ere?

Sektore guztietan. Hasieran etxeko altzari eta ekipamenduetan igarri zen gehien, eta orain, nahiko kolpe handia izaten dabil arropa eta oinetakoen arloan. Sektore denetan igartzen da, elikaduran eta ostalaritzan gutxien, agian.

 

Denda asko zarratu dira?

Batzuk bai. Aspalditik dauden dendek negozio egonkorragoa dute, baina berrientzako, batez ere, egoera gaitza da. Durangon krisiaz gainera, beste arazo bat daukagu: errentak desproportzionalak dira, Bilbokoak bezalakoak. Zerbaitegaz hastea hemen... Adibidez, Montevideo etorbidea leku dotorea da denda bat edukitzeko, baina 1.000-1.400 euroko errentak ordaindu behar dira, eta Durangoko salmenta fluxuekin ezin duzu alokairu hori ordaindu. Beste leku batzuei buruz ere berba egin dezakegu, baina Montevideon, dendak zabaldu eta ixten ari dira eten barik.

 

Elkartean gorabehera asko igarri duzue?

Elkartean ia berrehun denda gaude, eta krisia hasi baino lehen ere antzeko kopurua geneukan. Pasa den astean, alarma piztu zuen datua atera zuen Ecobik: Bizkaian, 3-4 urtean, 2.000 denda zarratu dira. Egia da, baina 1.700 eta piku zabaldu dituzte. Psikosi puntu bat ere badago.

 

Pasa den astean elkarteko batzar nagusia izan zenuten. Zer edo zer berririk erabaki zenuten?

Estatutuak hobetzeko proposamenak egin genituen. Tartean, gizarteratzeko enpresa bat sortu gura da. Langabetuei eta gizarteratzea gaitz daukatenei aukerak ematea izango litzateke enpresa horren helburua.

 

Durangoko tren geltoki ondoko merkataritza zentroaren inguruko zer berri duzue?

Oraindik bisitak egiten dabiltza azpiegituretara. BM supermerkatua egongo dela badakigu, baina ez dakigu nor gehiago joango den. Esan digutenez, saiatuko dira arropa operadore nazional bat ekartzen, baina ez dakigu Inditex edo zein izango den. Guk pentsatzen dugu halako egitura bat ona izango dela Durangorako. Traktore lana egingo luke. Durangoko jendea Bilbora, MaxCenterrera joaten da Bershka eta Stradivarius lako dendetan erosteko. Hemen egoten bada, hobeto. Jendea Durangon geratuko da erosketak egiten. Hemen inguruan biztanle kopuru handia daukagu, eta nahiz eta denda asko eduki, gauza batzuk falta dira, eta gazteak batez ere, herritik kanpo joaten dira erosketak egitera. Hori ikusi egiten da. Konturatzen bazara, Durangon jende nagusia egoten da arropa erosten.

 

Durangoko dendarik egongo da bertan?

Lehentasuna eduki dugu, informazioa eman digute... Baina azpiegitura ikusita, bertako dendek beste zerbait gura dute. Errenta garestia da gainera, eta egoera ez dago halakoetarako.

 

Zer erronka dauka elkarteak?

Arazo handi bi ditugu: finantziazioa eta merkatariek ondo erostea. Finantziazioaren gaian, momentu honetan, denboraldi berrirako arropa erosteko adibidez, oso gaitza da bankuek kredituak ematea. Ia dendari denak autonomoak dira, eta kredituak lortzeko, euren ondarea ipini behar dute, eta denda txarto badabil, ondare hori arriskuan egon daiteke. Baina noski, arropa gehiago erosi behar, bestela ezingo da saldu-eta. Iaz, abal finantzieroen programan 600 milioiko partida zegoen sektore guztietarako, eta hortik 43 milioi baino ez ziren gastatu. Horrek ez dauka zentzurik. Arlo horretan hitzarmenak egiten gabiltza. Bestalde, ondo erosi behar dugu. Batza Durangaldea erosketa zentroa sortu dugu Amankomunazgoaz. Oinarrizko gauzak denok batera erosteko eta elektrizitatea, aseguruak... merkatzeko balio du zentro horrek, eta hor, egiteko lan asko dago.

 

Zer gomendio emango zenioke denda bat zabaldu gura duen bati?

Lehenengo, informazioa jaso eta ikusteko ondo zer konpetentzia dagoen, zenbat jende pasatzen den leku horretatik... Jende asko bizi da Durangon, eta bezeroak egon badaude. Durango plaza ona da, leku dotorea denda bat edo taberna bat edukitzeko. Garrantzitsua da non ipini erabakitzea. Ondo pentsatu behar da non eta zerekin hasi lanean..

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!