Iketz eta San Eloy enpresen auzia: sindikatuen ikuspuntu kontrajarriak

Anboto 2013ko uzt. 4a, 08:41

Hainbat ekintza leporatu dizkiote elkarri LAB eta ESK-k batetik eta ELAk, bestetik

Hainbat ekintza leporatu dizkiote elkarri LAB eta ESK-k batetik eta ELAk bestetik.

 

LABeko eta ESK-ko 50 afiliatu batu ziren astelehenean, Elorrioko plazan emandako prentsaurrekoan, Iketz eta San Eloy enpresetan gertatutakoaren inguruan duten iritzia emateko. Maite Arginzonizek eta Iñigo Ariznabarretak egin zuten berba euren izenean. Adierazi zuten talde bereko enpresa bietan proposamen bera egin zutela, eta hasieran plantilla biek onartu arren, gero desberdina izan direla negoziazioa eta emaitza. “Iketzen benetako negoziazioa egin zen”. Tarte horretan greba deitu zutela, eta horri esker, gutxieneko lan baldintzekin akordioa sinatu zela uste dute.

 

San Eloyn, euren ustez, ez da benetako negoziaziorik egin: “ELAko eta CCOOko delegatuek bultzatuta, beldurraren diskurtsoa zabaldu da. Inbertsoreagaz ezin zela negoziatu, bestela alde egingo zuela-eta”. Iketzen greba deialdia egin zenean, San Eloyko langile batzuek horren kontra egin zutela ohartarazi dute: “Dei eta mezu anonimoak egin ziren, tartean mehatxuak eta irainak”. Prentsaurrekoan, kritika gogorra egin zuten: “LABeko eta ESK-ko delegatuak langabezian geratu dira, baina, ELA eta CCOOkoek, ostera, inbertsoreagaz lanean jarraituko dute”.

 

ELAren erantzuna

Asteleheneko prentsaurrekoan LABek eta ESK-k plazaratutako adierazpenei prentsa ohar bidez erantzun die ELAk. Azaldu duenez, “lotsagarria da LABek San Eloyko likidazioan egin dituen akatsak beste sindikatu batzuk ondo egin dituzten ekintzen inguruan gezurrak esanez mozorrotu gura izatea”. LABek Iketzen bere planteamenduak inposatu dituela kritikatu du ELAk “mehatxatzera helduz eta beraien iritzien kontra dauden langileak baztertuz”. Gaineratu duenez, “LABek 220 behargini lana emango zien lehenengo inbertsorearen proiektua huts egitera eroan eta gero, informazioa ezkutatuta, San Eloyko langileek aho batez asanbladan erabakiak hartzea onartu zuten”.

 

Langileen interesak asanbladan hartutako erabakiak errespetatuta defendatu dituztela diote ELAkoek: “90 langilek baino gehiagok babestu dute inbertsorearekin akordioa, tartean LAB eta ESK-ko afiliatuek”. “Akusazio faltsuak” egiteari uzteko eskatu diote LABi, “Iketzeko afiliatuak kolokatzeko izandako negoziazioak eta hutsik geratu den pabilioi bat antza denez Iketzeko LABeko delegatu bati adjudikatzearen helburua argitu beharko lituzke”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!