Rio de Oro: Saharauienganako elkartasun keinu berri bat

Anboto 2013ko uzt. 5a, 08:36

Saharauienganako elkartasun ekimen berri bat jaio da Durangaldean. Urritasunak dauzkaten umeak ekarri dituzte lehenengoz uda pasatzera, Rio de Oro-Durango ekimenaren bidez. Zortzi dira; gorreria, itsutasuna, autismoa, buruko paralisia, Downen sindromea eta ezgaitasun intelektuala dauzkate. Caritasen Izurtzako aterpetxean daude 24 orduz, hainbat begiralek zainduta

Saharauienganako elkartasun ekimen berri bat jaio da Durangaldean. Urritasunak dauzkaten umeak ekarri dituzte lehenengoz uda pasatzera, Rio de Oro-Durango ekimenaren bidez. Zortzi dira; gorreria, itsutasuna, autismoa, buruko paralisia, Downen sindromea eta ezgaitasun intelektuala dauzkate. Caritasen Izurtzako aterpetxean daude 24 orduz, hainbat begiralek zainduta.

 

Aterpetxean berdegune bat daukate denborapasarako: txin-txaunetan ibili, futbolean jolastu... Euria egiten duenerako pare bat jaima ipini dituzte. Ingurua ezagutzen ibili dira, eta irteerak prestatu dituzte; Senda Vivara joango dira Geu Bekoekin, adibidez.

 

\"\"

 

Ez dira eskualdean dauden saharaui bakarrak. Aurten ere hainbat ume etorri dira, udako oporrak Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetatik kanpora pasatzeko asmoz. Beroa saihestu eta bizi baldintza hobeak eduki gura dituzte; esaterako, elikadura egokia jasotzea eta osasun azterketak egitea. Joan zen astean jaso zituzten familiek, eta Durango eta Elorrioko udalek harrera ofizialak egin dizkiete. Durangoko Herria eta Elorrioko Lajwad elkarteek sustatzen dute umeok etxean hartzeko kanpaina.

 

Bestalde, mugimendu berak Saharaui Eguna eratu du biharko. Tailerrak, bazkaria, ekitaldia eta kontzertuak egingo dituzte Durangoko Andra Marin.


\"\"2012ko urrian ekimena eratzen hasi zen Maider Caballero, Mikel del Arco eta Claudia Odriozolagaz batera. Espainiar estatu osoko 50 bolondres batu dituzte hil biotan lan egiteko. Zortzi umeekin, itsutasuna daukan begirale bat etorri da: El Mami Sidi Brahim.

 

Zelan hasi da esperientzia?

M.C.: Emozio asko bizi izan dugu. Hasieran, ez genekien noraino heldu zitekeen bakoitzaren ezgaitasuna. Nik uste nuen gaitzagoa izango zela, baina hasi eta astebetera, ondo ezagutzen ditugu. Zer gustatzen zaien, zer egin dezaketen... Azkenean, 24 ordu gaude batera, eta denbora gehiago pasatu dela dirudi. Oso gustura gaude. Denbora asko iraun duen lan bat egin eta gero, eurak pozik daudela eta pertsonalki aurrerapausoak egiten dabiltzala ikustea oso esanguratsua da.

 

Zelan daude umeak?

E.M.S.B: Oso pozik ikusten ditut. Ilusio bat da, ideia itzela. Lan honetan parte hartu duten guztiak eskertu gura ditut: bolondresak, Durangoko Udala, Herria...

 

Zer onura jasoko dute?

E.M.S.B: Medikuekin egoten dira, eta gainera, hilabete bi pasatzen dituzte berotik urrun. 50 gradukoa, ezin duzu imajinatu. Ondo daudenek txarto pasatzen dute, bada, pentsatu zailtasunak dauzkaten hauek.

 

Saharauiekiko elkartasuna indartsua da Euskal Herrian.

E.M.S.B: Elkartasuna handitzen dabil uneoro. Asko eskertzen diogu Euskal Herriari. Aurten 316 umek pasako dituzte oporrak bakean: ume bakoitza bake enbaxadore bat da, eta politikoek egiten ez dutena egin ahal dute: familiak ezagutu, beste ume batzuekin jolastu... Herri saharauiarekiko elkartasuna handitzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!