"Ikerketa sismikoak egiten dabiltza zonalde honetan"

Anboto 2013ko eka. 26a, 09:30

Gasa ateratzeko gune posiblea da Durangaldea, eta fracking metodoaren beldur dira ekologistak

Haustura hidrauliko edo frackingaren inguruko eztabaida handitzen dabil. Gasa lurretik ateratzeko praktika bat da, eta ekologistek diote oso kutsakorra dela. Jaurlaritzak ez dio debekurik ipini. Diego Ortuzar (Bilbo, 34 urte) Bizkaiko Fracking Ez plataformako kideak berbaldia eman zuen martitzenean. Informazio falta kritikatu du. Gasa ateratzeko gune posiblea da Durangaldea, eta fracking metodoaren beldur dira ekologistak.

 

Zer lortu gura da frackingagaz?

Gas naturala; lurrean, sakontasun handiko geruza batean dago. Zulaketa bertikala egiten dute geruzaraino, eta han, horizontalean zulatzen dute. Ura presio handian sartzen dute hainbat gai kimikogaz, harria apurtu eta gasa ateratzeko.

 

Ingurumenean eta osasunean eragina izango du?

Akuiferoak kutsatzen badituzte, eta horiek biztanleentzako badira, eragingo dute. Gai kimikoek kutsadura dakarte airez ere, eta ikerketen arabera, osasunerako kaltegarriak dira, eragin kantzerigenoa daukate, esaterako.

 

Beste herrialde batzuetan debekatuta dago frackinga.

Frantzian debekatuta dago, eta Ingalaterran atzeratu egin dute, lurrikaren ondorioz. Gainera, uste baino gas kantitate txikiagoak atera izan dira. Bestalde, zergadunengandik datoz hasierako diruak. Arabako putzu bakoitza 25 milioi euro kostako dela kalkulatu da. Etekinak enpresa pribatuek eroango lituzkete.

 

Durangaldea ere bada ustiaketarako gune posiblea.

Ikerketa sismikoak egiten dabiltza zonalde honetan. Durango, Saia izeneko baimen eremuan dago, eta esan dute gasa ohiko moduan aterako dela. Baina, gero oso erraza izango da modua aldatu eta frackingaren bidez egitea. Lehenik gasik badagoen aztertuko dute, eta gero, zelan atera. Prozesuaren hasierako fasean gaude, baina era industrialean aurrera egiten bada, putzuen kopurua itzela izango da. Araban, hasierako putzu bi horien ostean 2.000tik gora egingo direla aurreikusi dute. Hori zabaltzen bada, lurra gruyere gazta bihurtuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!