Edukiontzi zuria ipiniko dute, Amankomunazgoak onartuta

Anboto 2013ko eka. 21a, 11:03

Arropa, erremintak, margoak, liburuak, aparailu elektrikoak... Hainbat elementu utzi ahalko dira edukiontzi berrian. Guztira, 11 kontainer ipiniko dituzte

Arropa, erremintak, margoak, liburuak, aparailu elektrikoak... Hainbat elementu utzi ahalko dira edukiontzi berrian. Guztira, 11 kontainer ipiniko dituzte.

 

Orain arte arropa batzeko egon diren kontainerrak kendu eta berriak ipiniko dituzte Durangaldean: edukiontzi zuriak. Bertan, beste hainbat gauza ere utzi ahalko dira. Amankomunazgoak hitzarmena sinatu du Aldundiagaz instalazioa egin eta zerbitzua garatzeko. Osoko bilkuran aho batez onartu dute hitzarmena. Amankomunazgoak, elementuak berrerabili ahal izateko tratamendua ordainduko du, eta edukiontzien instalazioa zein kudeaketa Aldundiak. Garbiker enpresa arduratuko da bilketaz.

 

Abadiño, Iurreta eta Elorrion edukiontzi bi ipiniko dituzte, eta bilketa astero egingo dute. Garai, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarren edukiontzi bana egokituko dute, eta aste birik behin batuko dituzte gauzak; Zaldibarren, astero. Edukiontzi berrian ezingo dira bota mozteko arriskua sortzen duten gauzak, ezta toxikoak direnak ere.

 

Batutakoa tratatu egingo dute. Arroparen kasuan, Ekorropari emango diote, eta nazioarteko kooperaziorako ere erabiliko dute. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak kontsumoaz kontzientzia hartzea eskatu du: "Produktuak berrerabilgarriak badira, gero eta hondakin gutxiago izango dugu. Kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin behar dugu".

 

Ordezkari aldaketa

Bestalde, hiri hondakinen tratamendurako jarraipen batzorde bat sortutako dago Aldundia eta Amankomunazgoaren artean. Erakunde bakoitzetik hiru ordezkari egoten dira, eta azkeneko ordezkariak 2009an izendatu ziren. Horiek berritu dituzte, eta Amankomunazgoak bilkuran onartu du izendapena. Bilduk ordezkari bi edukiko ditu: Endika Jaio -Mañariko alkatea- eta Luis Jose Ballarin -Izurtzako alkatea-. Oskar Zarrabeitia presidentea izango da EAJko ordezkaria. Durangok bere kabuz egiten du zaborren kudeaketa, eta horregatik ez du bozketan parte hartu. Horren ondorioz dauzka Bilduk ordezkari gehiago EAJk baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!