Pintxo-potea, modan dagoen kontsumo estiloa

Anboto 2013ko eka. 21a, 16:53

Trago eta pintxo bana ohi baino prezio merkeagoan lortu ahal da eguen iluntzeetan hainbat herritan. Heldu da Durangaldera pintxopotea

Trago eta pintxo bana ohi baino prezio merkeagoan lortu ahal da eguen iluntzeetan hainbat herritan. Heldu da Durangaldera pintxopotea.

 

Trago eta pintxo bana ohi baino prezio merkeagoan eskuratu ahal dira eguen iluntzeetan. 2003an Gasteizen sortu zen eskaintza gastronomiko hori, eta urteetan hedatzen joan da. Krisi sasoian, ostalariek kontsumoa sustatzeko aukera berri legez ikusi dute, eta horrek zabalpen handia eman dio. Modan dago pintxo-potea; gertakari edo fenomeno sozial bilakatu da.

 

 

\"\"

 

Durangon, Askatasun etorbideko hainbat taberna izan ziren aitzindari. Lupetza tabernako Sara Mardarasek azaldu du ingurune horretako giroa indartu gura zutela, Goienkaleren alternatiba legez. “Goienkalek guztia jasotzen du, jaiak, Liburu eta Disko Azoka, asteburuak...”. Mardarasek Zumaian ezagutu zuen pintxo-potea, eta handik ekarri zuen ideia. Lupetzak, Dendak Bai elkarteak sortutako herriko zirkuitu batean parte hartzen du, gainera.

 

Goienkale, jendez beteta

2012ko irailean hasi ziren ekimen hau egiten Goienkalen. Geroztik, eguenetan jendez betetzen da kalea. Asteburuetako poteoa asko bajatu da, eta horri aurre egiteko erabaki zuten hastea Kalekantoi, Rugby, Arkupe eta Amboto tabernek. Ostean, kaleko taberna gehienak batu ziren. Kalekantoiko Iker Arizmendiarrietak oso balorazio ona egin du: “Gutxi gorabehera, 350 pintxo banatzen ditugu eguenero”. Etekin-tarteak bajatu arren, diru-iturri on bat islatzen du salmenta horrek. Batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, kopuru horien bueltan dabiltza taberna asko. “Pintxo-potea onuragarria da tabernarako, baina guk gehiago ikusten dugu bezeroen fideltasunari eskertza legez”, esan du Arizmendiarrietak. Alpino tabernako Antxon Gallastegik esan du aldaketa soziala egon dela azken urteetan, gazteak lokaletan egoten direla normalean, eta poteoa jaitsi egin dela. “Duela lau urte, barikuetan, lau zerbitzari egoten ginen. Orain bi, eta telebistari begira”.Pintxo-poteari eskerrak, eguenetan lehengo barikuen beste irabazten ei dute.

 

Pintxo-poterako eskaintzak desberdinak dira lekuan leku: batzuek zuritoa eta pintxoa euro baten truke, beste batzuek kriantza eta pintxo handiagoa 1,80 euroren truke... Herririk herri eta auzorik auzo zabaltzen doa moda. Elorrion taberna ugarik egiten dute; 2012ko abenduan hasi ziren Errekakalekoak. Parra tabernako Iñigo Martinezek azaldu du beti saiatu izan direla ostalaritza dinamizatzen, eta pintxo-potea ildo horretan ikusten du: “Herritarrei Elorrion geratzeko aukera eman gura diegu”.Traña-Matienan zazpi tabernek eskaintzen dute pintxo- potea; Atxondon, Aste Santu ostean ekin zioten hiru tabernatan; eta Iurretan ere duela hilabete hasi berri dira lautan.

 

INKESTA


 \"\"

Elorrioko plazako dantza ikastaroko lehen taldea

“Giroa egoten da, eta beste itxura bat ematen dio herriari. Gu dantza ikastarotik 19:30ean irteten gara, eta aprobetxatu egiten dugu giro onagaz jarraitu eta dantza egin ostean indarrak berpizteko”.

 

 

 

\"\"

 

Isabel Gallastegi

“Oso ideia ona da, jende gehiago irteten delako. Jendea animatu egiten da. Eguenetan lagunekin elkartzeko ohitura hartu dugu. Neguan jende gutxiago egon da, baina orain, giroa animatuko dela uste dut”.

 

 

 

 

\"\"

 

Eneritz Orobengoa

“Bergarako pintxopotea ezagutu nuen lehenengo, eta hemen hasi zenean, oso ideia ona zela iruditu zitzaidan. Hasieran, koadrilan asko elkartzen ginen. Ohitura hartu dugu eta ahalegintzen gara astero irteten”.

 

 

 

 

\"\"

 

Leire Bereziartua

“Sarritan egoten naiz Goienkaleko pintxopotean. Arrasaten ezagutu nuen, eta gustatu zait hemen ere hastea. Giro ona egoten da, baina aste batzuetan giro tristea ere egon da, eguraldiak eragina du-eta”.

 

 

 

 

 

\"\"

 

Iñigo Garrido

“Ideia ona da pintxo-potea, lagunekin egoteko beste aukera bat da. Astero egoten saiatzen naiz, baina batzuetan ezin izaten dut lanagatik. Asteburuetan, gauez, diru asko gastatzen da; hemen ez horrenbeste”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!