Bizkaiko metaleko langileak barikuan, ekainaren 21ean, greba egitera deitu ditu LAB sindikatuak. Hitzarmen kolektiboa "arrisku bizian" dago LABek nabarmendu dutenez: "Patronalaren bloke aktiboarengatik negoziazioak etenda daude". Bizkaiko Metalen Enpresen Federazioaren (FVEM) jarerra gogor kritikatu du LABek. Durangaldean ere grebagaz bat egitera deitu dute. Joan zen astean, Durangaldeko Enpresen Elkartearen aurrean konzentrazioa egin zuten.
Bihar arratsaldean eta ostegun goizean kotxe karabanak egingo dituzte LAB sindikatko Durangaldeko ordezkariek. Ekainaren 21ean, goizeko deialdiez gain, Bilbon 12:00etan deitutako manifestazioan ere parte hartuko dute. Sindikatuak nabarmendu du sektoreko langileen eskubideak bermatzeko "ezinbesteko tresna" direla lan hitzarmenak.
LABek gogoratu du, Espainiako lan erreforma "azken muturreraino" aurrera eramaten dabilela patronala, eta erreformak horrexek zehazten duela, uztailaren 7a baino lehen akordio bat erdietsi ezean hitzarmena desagertu egingo dela. "Metalgintzako hitzarmena itzaltzen uztea epe ertaineko suizidioa" dela nabarmendu du LABek. Gaineratu du, Bizkaiko Metalen Enpresen Federazioak duen "jarrera itxia" alde batera utzi behar duela, eta, patronalak greba honi entzungor egingo balio, datozen asteetan beste batzuk burutuko direla iragarri du.
Soldata bajuagoa eta lanaldi luzeagoa
Hitzarmena desagertuz gero, "30 urte baino gehiagoko borrokan irabazitako eskubide guztiak galduko" direla nabarmendu du LABek. Espainiako metalgintzako hitzarmena jarriko litzake indarrean, horrelakorik ezean, Langileen Estatutua. "Honekin batera ezarriko liguketen urteko soldata 8.979 eurokoa izango litzateke 1. mailako ofizial batentzat; gaur egun Bizkaiko hitzarmenak 17.250 euro ezartzen ditu". Bestalde, lanaldia 1.826 ordutakoa lizateke, Bizkaiko hitzarmenak zehaztutakoa baino 118 ordu gehiago, argitu dutenez: "Bizkaiko hitzarmenak ematen dizkigun eskubide gehienak galduko genituzke (baimenak, lan istripuengatik osagarriak...).
Bizkaiko hitzarmena galtzeak sektoreko langile guztiengan ondorio latzak ekarriko lituzkela azaldu du LABek: sektoreko %75a hitzarmenik gabe, eta hortaz, eskubiderik gabe geratuko litzateke. "Hitzarmen propioa duen edo izan lezakeen beste %25ak ere ondorioak izango ditu, herrialdeko hitzarmenak ezarritako minimoa edo erreferentzia galduta, enpresak lehiakortasunaren argudioa astinduko du enpresa hitzarmena murrizteko".