"Feministak astero pankartagaz irteten badira, eskubide berdintasunik ez dagoelako da"

Anboto 2013ko eka. 14a, 12:13
Bilboko emakume etorkin biren hilketak salatzeko, manifestazioa deitu zuen pasa den domekan Voz Africana plataformak. Bertako kidea da Isaac Antwi ghanatarra. Etorkin askok duten babes faltari, eta momentu honetan bizi duten egoerari buruz berba egin du

Bilboko emakume etorkin biren hilketak salatzeko, manifestazioa deitu zuen pasa den domekan Voz Africana plataformak. Bertako kidea da Isaac Antwi ghanatarra. Etorkin askok duten babes faltari, eta momentu honetan bizi duten egoerari buruz berba egin du.

 

Zelan joan zen domekako manifestazioa?

Ondo. Hiru-lau egunean antolatu genuenez, eta eguraldi txarra zenez, ez genituen horrenbeste lagun espero. Bertako jende asko ere egon zen. Asko animatu gaituzte, eta esan digute hemen halakorik ez dela gertatu orain arte, etorkinak kalera irtetea gauzak aldarrikatzen. Ni 2003tik nago Durangon, eta inoiz ez dut halakorik ikusi. Pauso bat dela uste dut.

 

Voz Africanan zelan baloratu dituzue Bilboko hilketak?

Atsekabe handia izan da guretzat. Etorkin garen aldetik, eta emakume horiek egiten izan duten lanagatik. Eguenean batzartu ginen, eta ikusi genuen egin genezakeen gauza bakarra kalera irten eta gure ahotsa entzunaraztea zela. Lehenago gertatutakoak ere hor daude. Bilbon, orain dela bost bat urte, Nigeriako emakume bat hilda aurkitu zuten hotel batean, eta ez dakigu zer gertatu zen. Oso herri aurreratuan gaude, eta halako gauzak gertatzen direnean, normalean, erruduna aurkitzen da. Kasu honetan, ez zen ikerketarik egin, ez dakigu beste ezer, zergatik hil zen, nor izan zitekeen haren heriotzaren erruduna...

 

Halako kasu gehiago egon daitezkeela uste duzu?

Bai. Azken honetan badakigu nor izan den erruduna. Emakume kolonbiarra Nigeriakoa baino astebete lehenago hil zuen. Baina Adagaz harrapatu ezean, jakingo al genuke kolonbiar hori gizon haren eskuetan egon zenik? Eta nork daki gauza gehiago egin ez duen! Nik familia daukat hemen, emaztea eta seme-alabak, eta egunen batean etxera bueltatzen ez banaiz, eurek jakin eragin dezakete. Baina etorkinen % 80 bakarrik dago. Kasu horietan, kalera irten eta ez badira bueltatzen, inork ez du ezer esango. Gainera, lanagatik asko mugitzen gara.

 

Orduan, pertsona bat denbora batean ikusi ez arren...

Inork ez du pentsatzen desagertu egin denik. Nire herriko gizon bat, Ghanakoa, Galdakaoko ospitalean hil zen. Bilbon bizi zen. Pisukidea zeukan, beste herrialde batekoa, eta hark ez zuen espainolez hitz egiten. Agian esango zion ospitalera joan zela, baina ulertu ez. Hil zenean, ospitaletik elkarteetara deika hasi ziren. Joan nintzen, eta bai, banekien Ghanakoa zela, bistaz ezagutzen nuelako, baina ez zegoen inongo elkartean. Etorkina bazara, onena da elkarte batean egotea. Etorkinena edo bertakoena, berdin da. Zerbait gertatzen bazaizu, zure datuak jakin ditzakegu, zein den zure familia eta zelan kontaktatu. Mutil haren kontakturik ez daukagu Ghanan. Inork ez daki Ghanako zer herritan bizi zen eta zein den haren familia.

 

Bilboko emakumeak ere babes barik zeudela uste duzu?

Juan Carlosek, “txapeldun faltsuak”, harrapakin errazak zituen. Agian, San Frantziskon ezagutuko zituen emakume horiek eta euren historia; babes gabe zeudela aprobetxatu zezakeen.

 

Indarkeria matxista ere badago tartean.

Ez dago eskubide berdintasunik. Ghanako elkartean, urtero antolatzen ditugu giza eskubideen inguruko hitzaldiak. Gure jendeak eskubide horiek daudela jakin dezan gura dugu. Asko, galdetzeko eta berba egiteko beldur dira. Gure artean emakume asko dago tratu txarrak jasotzen dituena, eta salatzeko beldur dira. Lehenago tradizio bat egon delako euren herrialdean; salatu edo ez, emakume izanda ez zuten ahotsik. Hori hemen ere badago. Nik hemen ikusten ditut elkarte feministak eguenero pankartekin irteten, emakumeentzako eskubideak eskatzen, euren askatasunagatik borrokan. Eskubide berdintasuna badago, zergatik orduan aldarrikatzeko beharra? Horrek esan nahi du, hemen ere ez dagoela halakorik. Dirua eta lagun boteretsuak dituztenek bai, baina besteek ez dute ahotsik.

 

Voz Africanan batu zarete hainbat elkarte. Zeintzuk dira zuen helburuak?

Elkarteak sortzea oso garrantzitsua da. Ghanakoa 2006an sortu genuen. Lehenago 120 bat lagun ginen, eta orain, berrogeita hamapiku. Krisia dela-eta, jende asko Ghanara eta beste herrialde batzuetara joan da. Gure antzeko elkarte asko daude, eta elkarteotan Afrika osoko jendeagaz beste elkarte bat sortzeko ideia sortu zen. Gaur egun, Bizkaiko hamabost elkarte gaude Voz Africanan. Gure eskubideak defendatzea eta ditugun arazoak konpontzea dira gure helburuak. Informazioa trukatzeko gunea ere bada. Batera egiten badugu lan, ozenago egingo dugu.

 

Zelan eragiten dizue krisiak?

Eragin handia du gugan. Krisia heldu zenean, lehenengo, etorkinak bota zituzten lanetik. Nik bost urte daramatzat lan egin barik. Orain zaila da inon sartzea, leku guztietatik jendea botatzen dabiltzalako. Lagunarteko laguntza,+ Dendakekin ere harremana daukagu elkartean, eta garbiketa, zamalanetan, eta abarren ere lantxoak egiten ditut...

 

Xenofobia handitu dela igarri duzu?

Krisiaren aurretik eta orain, jarrerak desberdinak dira. Batzuk diote bertakoei lana kentzen gabiltzala. Gu hona ez gara etorri betiko; lan egin eta etxera bueltatu gura dugu. Jendeak ez du hori ikusten. Eta hori, hemendik ere joan izan dela jendea kanpora lan bila... Nik jakin izan banu hau horrelakoa zela, ez nintzateke etorriko. Hemen etorkizun hobea zegoela-eta etorri ginen. Batzuk, bizitza osoan aurreztutako diruarekin; Marokotik pateran etorri diren batzuk 8.000 dolar ordaindu dituzte. Gure elkartean irakasleak eta medikuak ere badaude, baina han ikasitako lanbideek hemen ez diete balio. Batzuk bueltatzea dute buruan, baina askok ez daukate dirurik. Krisiagaz lanik ez dagoela-eta errua botatzen digute, baina erabaki okerrak hemengo pertsona boteretsuek hartu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!