Hurrengo barikuan, ekainaren 7an, Work Kafea egingo dute Zaindu programaren baitan.
Durangoko Udalak eta Amankomunazgoak eratuta, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenak batuko dituzte Plateruenean, 17:30ean. Bizipenak trukatu eta euren lanaz hausnartzea izango da helburuetako bat. Gainera, aditu eta politikariek ere parte hartuko dute, herritar horien beharrizanak bertatik bertara ezagutzeko. “Ekintza sozialek gero eta gehiago eduki behar dituzte kontuan pertsonen beharrizanak”, esan du Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak. Goiztidi Diaz zinegotzia eta Esther Alonso Zainduko arduraduna ere egon dira aurkezpenean. Diazen arabera, zaintzaileek egiten duten lana erakutsi gura dute ekimenagaz, eta bide batez eurak lagundu. Horixe da Zaindu programaren funtzio nagusia: mendekotasunak dauzkaten pertsonen zaintzaileak laguntzea.
80 lagun batu gura dituzte mahaien bueltan, giro lasaiean. Dagoeneko 76k eman dute izena; 40 izango dira zaintzaileak, eta gainerakoak adituak, politikariak eta pertsona nagusiak. Aldundiak ere babestu du ekimena, eta ordezkari batek bertan parte hartuko duela aurreratu dute.