Maiatzaren 31 Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, \'Kerik Gabeko Gelak\' programa landu dute sei ikastetxetan.
Amankomunazgoko Drogomenpekotasunen prebentzioko sailak sustatu du ekimena, Osakidetzagaz batera. Izan ere, Bizkaia osoan landu dute. Tabakoaren kontrako irudiak egin dituzte ikasleek, eta Durangoko Institutuko Ane Grande, Aitor Arkarazo eta Elene feijoo izan dira garaile Durangaldeari dagokionez. Maiatzaren 31n Bizkaiko barne eskualdeko finala egingo dute eta bertan parte hartuko dute durangarrek. Irabazleen irudiekin kamisetak egingo dituzte. Durangoko San Jose Jesuitak eta San Antonio-Santa Rita, Iurretako Juan Orobiogoitia, Abadiñoko Institutua eta Elorrioko Txintxirri ikastola ere izan dira proiektuko partaide.
Gazteak tabakismotik prebenitzea da programaren helburua. Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitiak eta Drogomenpekotasun saileko arduradun Vicente Fernandezek eman dute horren berri. Fernandezek adierazi du, prebentzioaz gainera, erretzen hasteko adina atzeratzea ere gura dutela antzeko ekimenekin. 2008 eta 2012 urteen arteko balantzea egin dutela, eta lau urteotan hasierako data hori sei hilabete atzeratzea lortu dutela. Pausu esanguratsu legez azaldu du Fernandezek. Ikasleen kasuan, bere ustez ikasgela bakoitzean liderren bat egoten da, eta horrek erretzen badu besteengan eragina edukitzen du. Prozesu hori geratu gura dute, Fernandezen arabera.
Zarrabeitiak iragarri du hilaren 31n tabakoaren kontrako stand informatibo bat ipiniko dutela. Eskaintzen dituzten ikastaroen berri emango dute. Ikastarook arrakasta daukatela nabarmendu du Zarrabeitiak.