Gizarte zerbitzuetarako 2,8 milioi euro bideratzea proposatu du EAJk.
Atzo iluntzean egin zuten Amankomunazgoan 2013ko aurrekontua onartzeko osoko bilkura. EAJ eta PSE-EEren aldeko 14 botoekin onartu zituzten.Bilduk kontra bozkatu zuen. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu zuen “gizarte zerbitzuak bermatzeko” aurrekontua zela aurkeztutakoa. Atal horretarako 2,8 milioi euro bideratzea proposatu zuen EAJk, aurrekontu osoaren %42,8. Izan ere, 6,6 milioikoa da aurrekontua. Iazko zenbatekoagaz alderatuta ehuneko 3,4 gutxiago (238.516 euro gutxiago) dela azaldu zuen Zarrabeitiak: "Horrek ez du esan gura Amankomunazgoak udalei ematen dien zerbitzuetan murrrizketarik egongo denik, oinarrizkoak direla uste dugulako. Gainera, 2013an zehar, eskualdearentzat garrantzitsuak diren proiektuak martxan ipiniko ditugu". Gizarte larrialdietako laguntzak, droga-menpekotasunen prebentzioa eta neguko aterpea dira gizarte zerbitzuetako atal batzuk, esaterako.
Gainerako diru-atalei dagokionez, Behargintzara 471.067 euro bideratuko dituzte, ehuneko 7 gutxiago, "baina horrek ez dio gaur egun martxan dauden ekintza, programa edo proiektuak aurrera eramateko ahalmenari eragingo". Euskara sustatzeko 120.548 euro erabiliko dituzte, iaz baino ehuneko 41,6 gehiago. Gaur egun martxan dauden proiektuekin jarraitu (Beharsarea, Zarea) eta euskararen erabileran zein transmisioan lanean jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Zarrabeitiak. Kirol esparruari dagokionez, atletismo pistara 158.780 euro bideratuko dituzte (%38 gehiago); belodromora 63.300 euro eta trinketera 150.150 euro. Gainera, BTT zentrorako 60.000 euro gordeko dituzte.
Castillok (PSE-EE), aldeko jarrera azaltzeko, esan du gizarte arreta mantentzea oinarrizkoa dela. Aurrekontu egokia dela dio: "Harreta soziala ez dadila murriztu da gure helburua. Giza politikak dira oinarria. Mundu guztia atendituta egotea da helburua. Horrez gainera, garapenerako diru atalak, hobekuntza ekonomikoari begirakoak zein turismoaren arlokoak… sustatzea izan ditugu helburu aurrekontuetan".