Bilduk ez ditu onartu aurrekontuak, "ardura politikoagatik"

Anboto 2013ko mai. 10a, 09:37

Bilduren ustez, EAJk ez du herritarren proposamenak ezagutzeko ahaleginik egin

Bilduren ustez, EAJk ez du herritarren proposamenak ezagutzeko ahaleginik egin.

 

Bilduk prentsaurrekoa eman zuen atzo goizean Zaldibarko udaletxean, Amankomunazgoko gobernu taldearen aurrekontu proposamena ez duela onartu azaltzeko. Hainbat alkatek eta zinegotzik parte hartu zuten: Arantza Baigorrik eta Carmen Sampedrok Zaldibartik; Endika Jaiok Mañaritik; Rosa Elizburuk Atxondotik; eta, Eider Uribek Durangotik. “Ardura politikoagatik” ezin dituztela aurrekontuak onartu adierazi zuten.

 

Euren kritikagaz hasteko, esan zuten ez zaiela iruditzen serioa maiatzaren 9ra arte gaia ez lantzea bilkuran. Gainera, ez dute prozesua gogoko: “EAJk ez du herritarren proposamenak ezagutzeko ahaleginik egin”. Euren ustez, Aldundiaren ereduari jarraitzea proposatu du Amankomunazgoak –Aldundiak gizarte ongizatera 144.000 euro gutxiago bideratuko dituela gogoratu dute–. Zaborrak batzearen gaian, zerbitzua hobetzeko eta “zero zabor” ildotik jotzeko proposamen zehatza egin dutela aurreratu dute.

 

“Jarrera arbitrarioa”

Baina, Bilduk dio EAJk ez duela euregaz akordioetara heltzeko asmorik. “Orain arteko jarrera eta funtzionamendu arbitrarioaren kontra gaude”, esan dute. Bildu Durangaldeko lehen indar politikoa dela ohartarazi dute, eta EAJk ez duela hori errespetatzen kritikatu dute. “Legegintzaldi hasieran, EAJk boterea mantentzearren egindako boto trukea salatu genuen, eta orain ere, salatzen jarraitzen dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!