500. alea zenbaki esanguratsua dela-eta, tamaina bereko jaialdia egingo du ‘Anboto’-k bihar, maiatzak 11, Durangon.
Zuri esker bete da eskutan duzun Anbotoren 500. ale hau. Zenbaki borobila, berezia, zurekin partekatu gura duguna. Gertaera esanguratsua dela-eta, Anbotok tamaina bereko ospakizuna egin gura du bihar, maiatzak 11. Zurekin, euskaltzale guztiekin ospatzeko jaia da Durangon antolatutakoa, egun osorakoa.
Durangaldeko herritarrengandik jasotakoa, herritarrentzako idatzia. Badira hamaika urtetik gora lehenengo Anboto hura kaleratu zela, Erazi erreleboa hartuta. Anbotora ez bazoaz, Anboto etorriko jatzu zioen orduko leloak; 500xzu oraingo honek. Izan ere, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarko herritarrak dira Anbotoko protagonista. Durangaldean gertatutakoaren berri euskaraz eman du Anbotok, hizkuntzaren erabilera indartzeko ahaleginaren parte izan guran. Bide horretan jarraitu gura du, euskara 365 egunean zabalduta.
Argazki rallya
500. alearen harira antolatutako jaiaren testigantza jasotzeko aukera ere eman gura du Anbotok. Hartara, guztioi zabaldutako 500xzu argazki rallyan parte hartzeko gonbita egin dute.
Anbotoren 500. alearen jaialdian ateratako argazkiak izan beharko dira, koloretan, eta gura beste argazki aurkeztu daitezke. Hori bai, ezingo dira editatu edo aldatu, behin atera eta gero. Irabazleak 200 euroko saria lortuko du.
Iurretako Anbotoren egoitzan aurkeztu daitezke argazkiak edo astekaria@anboto.org helbidera bidali; maiatzaren 14a da azken eguna. Izen-abizenak, NAN zenbakia, herria eta telefono zenbakia ere zehaztu beharko ditu egileak. Anbotoko argazkilariek jardungo dute epaile lanetan.
Durangaldeko euskara hutsezko hedabide bakarra da Anboto. Urteetan proiektua babestu duten eragile, erakunde, elkarte, kolaboratzaile eta norbanakoen bultzadari esker hazi ahala sendotuz joan da. Durangaldeko postontzietara Anboto astekariaren 500. alea heldu dela aprobetxatuta, herrigintzatik sortutako hazi hura ekarri du gogora Anbotok, “herrigintza helburu sozialekin lotutako elkarlan moduan ulertuta”. Euskaraz erein, euskaraz jaso leloa abiapuntu hartuta, murala margotu dute Durangoko Larrasoloeta kalean. |